Donostia, 2016ko martxoaren 3a. Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 53. edizioa arautzen duten oinarriak argitaratu ditu Kutxa Fundazioak, eta Sariak kontakizun-liburu eta antzezlan modalitateetan deitu dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Lehiaketari izena ematen dion hiriko alkateak, Eneko Goiak, eta sustatzen duen erakundearen zuzendari nagusiak, Carlos Ruizek, lehiaketaren ildo nagusiak gaur goizean aurkeztu dituzte Donostiako udaletxean.

Kontakizun-liburuaren modalitatean (ohiko ipuin-liburuaren ordezkoan), gaia eta kontaera libre izango dira, baina gutxienez 100 orrialde eta lau kontakizun; saria, berriz, 10.000 euro eta garaikurra. Antzerkian, gaia libre izango da eta edozein aldaera dramatiko onartuko da, baina antzoki ohiko edo alternatiboetan antzezteko pentsatuta egon behar dute, gutxienez 75 minutuko eta gehienez 120 minutuko emanaldietarako; saria 15.000 euro eta garaikurra izango da. Sariak salbuetsita daude PFEZ ordaintzetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakiz.

Lehiaketara lanak aurkezteko epea 2016ko apirilaren 30ean amaituko da, eta irabazleen berri Tabakaleran Kutxa Kultur-en instalazioetan emango da irailaren 10ean; sariak banatzeko ekitaldia 2016ko abenduaren 16an, ostiralean, izango da. Lehiaketara deitu eta sariak 2016an banatzeko prozesu guztia Donostiaren Europako kultura-hiriburutzarekiko konpromisoa berresteko helburuaz egiten da Kutxaren aldetik, babesle globala baita.

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien azken edizioa, bi urteko maiztasuna zutelarik, 2012an izan zen, eta beraz behin (2014an egokitzen zena) bakarrik geratu da deitu gabe. Sari ospetsu hauek literatura-mundura itzultzeaz gain, epaimahaiak osatzen zituztenetako asko berreskuratu ditu Kutxa Fundazioak, kide horiek eragin erabakigarria izan baitute lehiaketa honen ospe eta izen onerako, literatura sortu eta zabaltzea sustatzeko helburuaz betiere.

160303_Presentación Premios Literarios Kutxa Ciudad San Sebastián
160303_Presentación Premios Literarios Kutxa Ciudad San Sebastián