Eureka! Zientzia Museoak Bizitza Zientifikoen bederatzigarren edizioa antolatu du, jarduneko zientzialarien eta ikasleen arteko topaketa. Ahalik eta ikasle-kopururik handienak parte har dezan, aurten, iaz bezalaxe, bi saio egingo dira: urriaren 21ean eta azaroaren 4an. Edizio honen lehen egunean zientziaren hainbat eremutako 28 profesionalek eta 225 ikaslek beren bizipenak trukatuko dituzte; jardunaldi honetan zientzia-ikasketak sustatu nahi dira, eta karrera bat aukeratzerakoan gazteek izaten dituzten zalantzak argitu. Azaroaren 4ko topaketan 29 profesionalek eta 230 ikaslek parte hartuko dute.

Bizitza Zientifikoak Donostia International Physics Center-ekin (DIPC) eta UPV/EHUko Materialen Fisika Zentroarekin (CFM) elkarlanean egiten da. Topaketa DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago, eta zuzeneko topaketa-gune izan nahi du ikasleen eta profesionalen artean, zientziara eta ikerketara benetako hurbiltzea sustatzeko.

Honela, zientzia-bokazioak sustatu nahi ditugu, eta horretarako ikasleei Zientziara, Teknologiara eta Ikerketara benetan hurreratzeko aukera ematen diegu, ikasketak amaitu ondoren lanerako irteeren aukera zabala erakutsiz. Izan ere, saio bakoitzean 12 arlo zientifiko landuko dira.

Ikastetxeek interes handia azaldu dute parte hartzeko, eta honek sendotu egin du topaketa bere bederatzigarren edizioan Eureka! Zientzia Museoan.

Egitaraua
  • 9:15 Ikastetxeen harrera Eureka! Zientzia Museoan
  • 9:30 Aurkezpena
  • 9:45 Short- communications
  • 11:00 Atsedenaldia
  • 11:30 Kartelen erakusketa eta ikastetxeen eta profesionalen arteko harreman zuzena
  • 13:00 Agurra

 

Prentsa-oharra (word formatuan)

VidasCientificasEureka 640