Arbide dorreek historia luzea dute. Baina beraien bizitza luzea ez da leku batean bakarrik igaro. Donostiarrek 1904. urtean ikusi zituzten sortzen, gaur egun hiriaren erdigunea den lekuan, San Martzial kaleak, Etxaide kaleak eta Foruen Pasealekuak bat egiten duten lekuan. Dorre hauek, estilo neogotiko eta xehetasun modernistak dituzten bi jauregitxoz osatuak, Bartzelonako Sagnier arkitektoak diseinatu zituen.
Baina 1972 eta 1975 urteen artean lekuz aldatu zituzten. Rosa Zubeldiaren (antzinako jabe eta Arbideren alargunaren) oinordekoek eraikuntza-enpresa bati saldu zizkioten dorreak, eta jabe berriak botatzeko asmoa hartu zuen beste eraikin bat egiteko. Hala ere, eraikinak salbatzeko operazio bat onartu zuen Aurrezki Kutxa Munizipalak, egiaztatu ondoren egingarria zela eraikinak harriz harri lekualdatzea erakundeak Miramonen zituen lurretara.
Izan ere, Gipuzkoaren garapenean lagundu dezaketen ekonomia- eta gizarte-proiektuak identifikatzea, bultzatzea eta laguntzea dira Kutxaren helburuetako batzuk. Geure-geureak diren kultura eta berezitasunak, adibidez Arbide dorre hauek, etorkizuneko belaunaldientzat babestu eta gordetzea.
Antzinako beste eraikin batzuk ez bezala, eraitsi eta hondakin bihurtu baitzituzten, Arbide dorreak deseraiki eta beste leku batera eraman zituzten. Zeregin aski konplexu eta zaila izan zen, pazientzia handia eskatu zuena, 6.300 harri baino gehiago desmuntatu behar izan baitziren, guztira bi mila tona baino gehiagoko pisuarekin.
Harriak zenbakitu egin ziren, gero Miramongo lorategietara bidali ziren, eta han arkitekto-talde bat, Luis Jesus Arizmendi buru zela, puzzlea berrosatzeaz arduratu zen. Emaitza akasgabea izan zen eta, batzuk kokaleku berri honen aurka dauden arren, lorategiak eremu paregabea dira arkitektura-multzo eder honetaz gozatzeko.
1979ko urriaren 11n, operazioa hasi eta bost urtera, inauguratu ziren Miramongo dorreak, jauregitxoetako bat Aranzadi Zientzia Elkartearentzat izan zelarik.
Ekitaldian udal-ordezkariak eta Aranzadi Natura Zientzien Elkarteko ordezkariak izan ziren, erakunde honek urteak emango baitzituen gero dorreetako batean. Beheko solairuan lorategi botanikoa proiektatu zen espezie autoktonoekin eta mikologiari buruzko erakusketa iraunkorrarekin.
Gero Kutxak eraikinaren erabilera Euskal Herriko Unibertsitateari laga zion eta gaur egun Kutxa Fundazioa bera da Arbide dorreak erabiltzen dituena.
Miramongo parkea topagune kutunetako bat da Donostiako familia askorentzat, aire zabalean espazio handiak baititu: jolas-guneak, picnic egitekoak, urmaelak, baserri museo ikusgarria, baita anfiteatro bat ere.
Duela gutxi irekia, 600.000 metro koadro baino gehiago berdeguneak ditu, lasaitzeko, paseo luzeak emateko edo geure kirol kutunak egiteko aukera ematen digutenak. Bitxi hau Donostiako muinoetako batean dago, Teknologia Parketik hurbil eta Oriamendi pasealekuaren eta Miramonen parean.
Hala ere, parke hau ez da agertzen turismo-gidaliburu nagusietan eta donostiar askok ere ez dakite hor dagoenik. Antzeko zerbait gertatzen da Arbide dorreekin, bisitariak nahastu egiten baitituzte, uste izaten dutelarik aspaldi batean ikusi zituztela beste nonbait. Nolanahi ere, leku hobezina da aire zabalaz gozatzeko.