Aurreko edizioan, Sara Zozaya eta Raitx abeslari gazteak, eta Ghau, Espagueti, Ro eta Tenpera taldeak izan ziren partaide. Orain, berriz ere, Kutxa Kultur Musika musikaren eremuan egonaldi artistikoak egiteko programa ireki du. 2013an sortu zen, gure lurraldean nabarmentzen ari diren talde edo bakarlarien hazkundea eta garapen profesionala bultzatzeko bokazioaz.
Zazpigarren edizio honetako deialdian Gipuzkoako talde edo bakarlari guztiek parte har dezakete, baldin eta diskografia-kontraturik indarrean ez badute, baina ez da baztertzeko arrazoia lankidetza-kontratu, autoekoizpen edo lizentzia indarrean izatea.
Musika herrikoiak deiturikoetan (rock, pop, folk, egile, reggae, elektronikoa, jazz, heavy, funk…) sartzen diren proposamenak onartuko dira edo horien arteko bat-egite eta fusioak, kanpoan geratuko direlarik musika klasikoa edo ganbera-musika, hauek bai baitituzte beste lehiaketa batzuk Kutxa Fundazioaren jardute-ildoaren barruan. Proposamenen irudimena, talentua eta sortze-kalitatea balioetsiko dira.
Izena emateko epea urriaren 23an amaituko da. Talde edo bakarlariek kutxakultur.eus web orrialdean, musikako atalean azaltzen den formularioa bete beharko dute eta estatuko profesional independenteek osaturiko epaimahaiak 6 proposamen aukeratuko ditu gutxienez.
Hautaturiko taldeek lankidetza-hitzarmena izenpetuko dute Kutxa Fundazioarekin, eta hiru denboralditan banaturiko egonaldia eskainiko zaie bertan:
2020ko urtarrila eta ekaina artean bilerak egingo dira taldeekin bakoitzaren premiak detektatzeko eta honela, beraien proposamen artistikoaren arabera, beren proiektua garatuko dute komunikazioan, zuzenekoak, diskografia-banaketa, press kit-ak egitea, hedabideentzako aurkezpenak... eta taldeekin adosturiko estrategia ezarriko da egutegi eta guzti. Halaber, aukera eskainiko zaie entsegu edo probetarako lokala izan dezaten, Kutxa Fundazioko espaziotan hautaturiko taldeetako beste batekin partekatuta; hori Tabakalerako laugarren solairuan izango da, 2020. urtean zehar.
Hautatuen artean detektaturiko premien arabera, prestakuntza emango zaie, musika-ekoizpenari, autoedizioari edota sare sozialetako komunikazioari buruzkoa.
2020ko lehen hiruhilabetean, Kutxa Kultur Plazan, Tabakalerako laugarren solairuan, emanaldi akustiko bana programatuko da, Kutxa Kultur Musika 2020 egonaldi honen baitan taldea aurkezteko.
2020ko uztaila eta abendua artean, taldeei aukera eskainiko zaie zenbait gai grabatzeko Gipuzkoako estudio profesional batean, edo bideo klip profesional bat egiteko 1200 €-ko balioaz.
Egonaldian zehar, Kutxa Kultur Plazako aurkezpen kontzertuaz gain, gutxienez lau emanaldi programatuko dira festibal ezberdinetan, eta azken emanaldi bat Kutxa Kultur Kluban. Bitarte honetan egonaldiari buruzko teaser edo bideo dokumental bat grabatuko da, eta Kutxa Kultur programan duen parte-hartzeari dagokionez, taldea aurkeztu eta sustatzeko izango da, sare sozialetan eta beste plataforma batzuetan zabalduz. Egonaldiak irauten duen denboraldian, taldeek 2.400 €-ko ordainsaria jasoko dute bi aldietan aipaturiko sei emanaldiengatik.
Hautaturiko taldeek, egonaldiak iraun bitartean, aholkularitza profesionalerako bulegoa izango dute. Bulego honen zereginen artean honako hauek daude: egoiliarren informazioa bidaltzea aldizkari digital, TB, diskografia-etxe, programatzaile eta jaialdietara; lege-aholkularitza eskaintzea kontratazioaz; argibideak ematea jaialdi, hedabide eta programatzaileekin harremanetan jartzeko; eta sare sozialetako komunikazioari buruzko aholkularitza.
Hautaturiko sei taldeak prentsaurrekoan aurkeztuko dira azaroaren erdialdean Kutxa Kultur-en.