Ikusita ZientziaKutxako hitzaldiek harrera zoragarria eta arrakasta handia izan dutela urtearen lehen erdian, uztail honen 20an, gizakia ilargira iritsi zela 50 urte betetzen diren egunean, ZientziaKutxaren hurrengo doako hitzaldia Eureka! Zientzia Museoan izango da 18:30ean, eta astrofisiko baten eta kosmologo baten hausnarketen bidez zulo beltzei eta unibertsoari buruz dakiguna eguneratuko dugu bertan.

Silvia Bonoli da astrofisikoa, italiarra, zulo beltz supermasiboetan espezializatua. Gaur egun Donostia International Physics Center-en ari da lanean Ikerbasque ikertzaile gisa, eta bertan ematen du denbora zulo beltzen eraketa behatu eta aztertzen, baita bizi diren galaxietan duten eragina ere, horretarako datu teorikoak nahiz teleskopio optikoen datuak erabiltzen dituelarik. “La búsqueda de los agujeros negros masivos” (Zulo beltz masiboen bilaketa) izeneko hitzaldi honetan, Silviak kontatuko digu zer diren zulo beltz supermasiboak, zein diren detektatzeko eta nola hazten diren eta inguruneari nola eragiten dioten aztertzeko erabiltzen diren teknikak.

Raúl Angulo da kosmologoa, txiletarra, konputazio-simulazioetara emana Unibertsoaren jatorria eta bilakaera ulertu ahal izateko. DIPCen Superkonputazio Zentroan, non ari baita Ikerbasque ikertzaile gisa, zientzia-proiektu handi bat ari da prestatzen: Unibertso osoaren konputazio-simulazioa. Zer dakigu unibertsoaz? Zer bilakaera izan du ikusten ditugun galaxiak eratzeko, baita gure eguzki-sistema hartzen duena ere? Bere hitzaldian, "Simulando la estructura a gran escala del Universo" (Unibertsoaren egituraren simulazioa eskala handian), Raúlek galdera horiei erantzungo die eta beste galdera handi batzuk planteatuko ditu, hauei erantzuten saiatzen delarik egungo kosmologia ezagutzaren muga-mugan.

Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) urte asko daramatzate dibulgazioko hitzaldi-programa bat antolatzen, espezialistak ez diren entzuleentzat; eta horietan gaur egungo zientzia-gaiak edo gizartean interes berezia sortzen dutenak azaltzen dizkiete herritarrei ikertzaile adituek.

Bi erakundeok jakintzaren kar edo grina partekatzen dugu. Zientzia eta ikerketa dira gizarte batean garapenaren oinarri eta, noski, neurri batean, ezaupide horien zabalkunde edo dibulgazioa egin behar da gizartean, zientziaren epidemia kutsatu eta hedatu behar da, herritarrentzat benetako magia izan dadin. Gaur egun, zientzia eta ikerketa lankidetzan eta interes partekatuetan oinarriturik daude, etengabeko ikaskuntzan, ezagutza edo jakintzaren aldeko apustuan eta aldaketara moldatzean.

ZientziaKutxa zikloa 2019ko urtarrilean hasi zen, eta genetikoki eraldaturiko lehen ahizpa bikien polemikaren erdian, Ginés Morata izan genuen gure artean, Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroko (CSIC-UAM) genetista eta Zientzia eta Teknika Ikerketako ‘Príncipe de Asturias’ saria jasotakoa. Ondorengo hilabeteetan, zientzialari ospetsuak eta era guztietako gai interesgarriak izan dira protagonista ZientziaKutxan: Humberto Bustince eta adimen artifiziala, Aran García Lekue eta nanozientzia-fikzioa, Maia García Vergniory eta material berriak, Juan Ignacio Pérez eta kultura eta giza eboluzioa, Petra Rudolf eta emakumeak zientzian ikuspuntu historiko batetik eta Alicia Sintes eta uhin grabitazionalak.

Udazkenean beste proposamen batzuekin itzuliko gara Kutxa Kultur-era, eta hitzaldiak emango dira euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez (azken hau aldi bereko itzulpenarekin).

EGITARAUA (doakoa):

  • 18:30. Silvia Bonoliren hitzaldia: “Zulo beltz masiboen bilaketa” (Planetarioa)
  • 19:00. Raúl Anguloren hitzaldia: "Unibertsoaren egituraren simulazioa eskala handian" (Planetarioa)
  • 19:30. Mahai ingurua Silvia Bonoli eta Raúl Angulorekin (Kafetegiko lorategian)

 

Jaitsi prentsa-oharra (word formatuan)