Egungo European Physical Society-ko (EPS) presidente Petra Rudolf-ek Donostia bisitatuko du aste honetan Donostia International Physics Center-ek (DIPC) gonbidatuta. Bere egonaldiaren helburua bikoitza da: ZientziaKutxa hitzaldien zikloaren barruan parte hartzea –maiatzaren 9an publiko orokorrari zuzendutako hizketaldia eskainiko du- eta maiatzaren 10ean DIPC-n ikertzaileei zuzendutako bi mintegi ematea.

ZientziaKutxa, Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek antolatutako eta publiko orokorrari zuzendutako dibulgazio hitzaldien programa da. Bertan, gaur egungo zientzia gaiak eta interes berezia sortu ditzaketenak aztertzen dira lehen mailako zientzialarien eskutik. Bi instituzioek urteak daramatzate mota honetako dibulgazio hitzaldi-programak antolatzen zientzia gizarteratzeko. Honela, ZientziaKutxaren barruan, hilabatean behin hitzaldiak antolatzen dira Tabakaleran.

‘Emakumeak zientzian: ikuspuntu historiko bat’ titulupean, Petra Rudolf-ek iraganeko emakume zientzialariek egindako zenbait ekarpen garrantzitsu aztertuko ditu maiatzaren 9ko hitzaldian (Kutxa Kultur. Ruiz Balerdi Aretoa, 18:30), Erdi Arotik hasi eta XX. mende hasieraraino. Gainera, ikertzaile independienteek (Hildegard von Bingen, Trotula, Sybilla Merian, Laura Bassi, Caroline Herschel), senar edo anaia ezagunak izan zituzten laguntzaileek (Sophie Brahe, Marie-Anne Paulze Lavoisier) edota Emilie de Breteuil Marquise de Châtelet edo Maria Angela Ardinghelli bezalako itzultzaileek egindako lanaz ere hitz egingo du.

Honetaz guztiaz gain, hitzaldian aztertuko du zergatik dauden horren emakume ikertzaile gutxi gaur egun. Honetarako, Europan, Estatu Batuetan eta Japonian egindako zenbait ikerketa aipatuko ditu. Bukatzeko, emakumezkoek eta gizonezkoek zientzian modu berean lan egiten duten aztertuko du. Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte eta ingelesez eskainiko du, euskarazko eta gaztelaniazko aldi bereko itzulpenarekin. Informazio gehiago: https://www.kutxakultur.eus/eu/agenda/emakumeak-zientzian-ikuspuntu-historiko-bat-zientziakutxa-2/

Gainera, ostiralean, maiatzak 10, EPS-ko presidenteak bi mintegi eskainiko ditu DIPC-n ikertzaileei zuzenduta. Hauek dira Petra Rudolf-ek Donostiako ikerketa zentroan emango dituen mintegien izenburuak: ‘Unconscious bias: how it impacts careers in science and how to mitigate this influence’ –non aurreiritzi eta jarrera inkontzienteek ikertzaile baten ibilbidean izan ditzaketen ondorioak aztertuko dituen- eta ‘Molecular Motors and Switches at Surfaces’ –non organismo bizien mugimenduaren mekanismoan inspiratuta dauden motore molekularren definizioaren eta sorkuntzaren gainean hitz egingo duen-.

Petra Rudolf-en biografia laburra

Petra Rudolf Munichen (Alemania) jaio zen. La Sapienzan (Erromako Unibertsitatea) fisika ikasi zuen eta han, egoera solidoaren fisikan espezializatu zen. 1987an Gainazalen Zientziaren Laborategi Nazionalean (TASC INFM) sartu zen. 1993an Namur-eko Unibertsitatera (Belgika) mugitu zen, non bere doktoregoa eskuratu zuen 1995ean. Doktorego ondoko ikertzaile izatetik irakasle izatera pasatu zen eta, geroago, irakasle nagusi bihurtu zen. 2003an Groningen-eko Unibertsitatean Egoera Solidoaren Fisika Esperimentalaren katedra eskuratu zuen. Bertan, Zernike Institute for Advanced Materials-en ‘Surfaces and Thin Films’ taldea zuzentzen du. Bere ikerketa lerroei dagokienez, materia kondentsatuaren fisikan eta gainazalen zientzian lan egiten du, besteak beste.

2018an, Petra Rudolf European Physical Society-ko (EPS) presidente izendatu zuten. Gainera, Belgikako Fisika Elkarteko presidentea izan zen (2000-2001) eta Alemaniako Zientzia eta Ingeniaritza Akademiako kide, Italiako Fisika Elkartearen ohorezko kide eta American Physical Society-ko Fellow ere bada. Motore molekularretan egindako lanarengatik 2007ko Descartes Saria lortu zuen. 2013an, Herbehereetako Beatriz Erreginak Orange Nassau Ordenaren Ofizial izendatu zuen.