A Whiter Shade of Pale. Erretratuak Herbehereetako argazkigintza garaikidean.

Erakusketak «rock progresibo» deritzona egiten duen Procol Harum taldearen abesti batetik hartu du izenburua eta, zehazkiago, haren abesti gehienen egile den Keith Reid-en pasadizo batetik. Reid festa batean zela, gizon batek berekin hizketan zen neska bati honako hau esan ziola entzun zuen: «zure zurbiltasuna zuritik harago doa». Esaldi hark ekarri zuen abestia, eta ondoren, Johnny Rivers edo Annie Lennoxek bertsioak egin zizkioten.

Erakusketak hiru argazkilari garaikideren lana biltzen du, hiruen arteko lotura Holandako barrokoaren tradizio artistikoa izanik. Hellen van Meene, Carla van de Puttelaar eta Sanne De Wilde-k erretratua ulertzeko eta postmodernitatearen urteetako argazkigintzaren praktika berrikusteko hiru modu desberdin aurkeztuko dizkigute.

Holandako herentzia barrokora eramango gaituzten ezaugarrien artean, nabarmentzekoa da argiaren erabilera, «Iparraldeko argi» izenekoa, garai klasikoko koadroetatik argazkilaritzaren eremura ekarria. Carla van de Puttelaarren lanean flandestar margoen tonu hitsak eta argi hotzak aurkituko ditugu, eta jarreretan, pintura barrokoaren forma bihurriak. Baina, elementu estilistikoez gain, barrokoaren garaiko edertasunaren kontzeptua ekarriko digu, zeinetan vanitas delakoaren ideia dagoen azpian, «aldi baterako ezaugarri iragankorra dela eta haragiaren gainbeherak eta heriotzak jarraituko diotela», betiere emakumeen gorputzari eta loreei erreferentzia eginez. Baina loreak beren perfekzio naturalean aurkezten diren bitartean, van de Puttelaarrek bere modeloen inperfekzioa aztertzen du: azaleko alterazio txikiak, esaterako pikortak edo garatxoak, modu «naturalean» erregistratzen ditu kamerak, baita barruko arroparen elastikoek azalean utzitako markak ere.

Hellen van Meenek, bestalde, argi natural eta hitsa, oso maiz barruko espazioetakoa, pintura barrokoa gogora ekartzen duen modu batean erabiltzen du, baina gaiari dagokionez, metodo zientifikoaren sistematizazioan oinarritzen da gehiago, garai berean Herbehereetan planteatzen hasi zen moduan. Hogei urtez nerabeen erretratuetan zentratu du bere lana, batez ere neskenak, haurtzaroa utzi baina guztia erabakitzeke dagoen pertsona baten bizitzaren une transzendental hori atzitzeko edo. Jarrerak oso zainduta daude, eta begiradek nerabezaroaren alderdi psikologikora hurbiltzen gaituzte: beldurrak, zalantzak, sexualitatearen eta auto-aitortzaren iratzartzea, aldaketa betean den gorputz batean.

Azken aldian, van Meene bere argazkietan maskotak sartzen hasi da, hasiera batean jabeekin batera, eta gero irudiaren protagonista gisa, baina, benetan, antropomorfismo ariketa bat da, zeinaren bitartez etxeko animalietan gazteengan ikusi ditugun sentsazioak bilarazi nahi dizkigun.

Hirukote honetako hirugarren egilea, Sanne De Wilde, denetan gazteena da, baita estilo desberdinena duena ere, baina, aldi berean, ezin esan daiteke 90eko hamarkadan sortu zen argazkilaritza tradiziotik bereizi dagoenik. Snow White albinismoari eta gaixotasun hori dutenek dituzten arazoei buruzko serie bat da. Albino izateak, berez, desberdintasunaz eta horrek gizartean sortzen duen bazterketaz hitz egiteko aukera ematen digu. Albinoa «bestea» da.

Prentsa-oharra (pdf formatuan)

A Whiter Shade Of Pale CarlaVanDePuttelaar.RembrandtSeries 22016