Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek (DIPC) urte asko daramatzate dibulgazioko hitzaldi-programa bat antolatzen, espezialistak ez diren entzuleentzat; eta horietan gaur egungo zientzia-gaiak edo gizartean interes berezia sortzen dutenak azaltzen dizkiete herritarrei ikertzaile adituek.

Ikusirik hitzaldi hauen harrera hobezina bertaratzen diren entzuleen aldetik, eta gure ustez honelako jardueren eskaera oso handia denez gizartean, hona hemen 2019 honetarako proposamena: hilero programa bat antolatzea bertako eta kanpoko hizlariekin, euskaraz eta gaztelaniaz, eta genero-oreka ere zainduz parte hartzen duten ikertzaileei dagokienez. ZientziaKutxa dira.

Bi erakundeok jakintzarekiko grina partekatzen dugu. Zientzia eta ikerketa dira gizarte batean garapenaren oinarri eta, noski, neurri batean, ezaupide horien zabalkunde edo dibulgazioa egin behar da gizartean, zientziaren epidemia kutsatu eta hedatu behar da, herritarrentzat benetako magia izan dadin. Gaur egun, zientzia eta ikerketa lankidetzan eta interes partekatuetan oinarriturik daude, etengabeko ikaskuntzan, ezagutza edo jakintzaren aldeko apustuan eta aldaketara moldatzean.

640X285 ZientziaKutxa

Jada urtarrilean, eta genetikoki eraldaturiko lehen ahizpa bikien polemikaren erdian, Ginés Morata izan genuen gure artean, Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroko (CSIC-UAM) genetista eta Zientzia eta Teknika Ikerketako ‘Príncipe de Asturias’ saria jasotakoa. Aretoa mukuru beterik zela, Moratak hizpide izan zituen azken urteotan ingeniaritza genetikoa irauli duen edizio-teknika (CRISPR), sortzetiko gaixotasunak sendatzeko horrek duen gaitasuna, eta giza genoman aldaketak, ondorengo belaunaldiei transmitituko zaizkienak, sartzearen inplikazio etikoak.

Otsailaren 20an Humberto Bustince-ren txanda izango da; Nafarroako Unibertsitate Publikokoa da, eta bere hitzaldia “Datuak eta adimen artifiziala egungo munduan” izango da. Ikertzaile nafarra munduan eragin handieneko eta aipatuenetako zientzialarien zerrendan agertu zen 2018an. Adimen artifizialaren eremuan, bere ikerketaren ardatza intuiziozko logika lausoa da, aplikazio askoko lerroa baita, besteak beste, erabakiak hartzean, irudi bidezko diagnostiko medikoan, hizkuntza naturalaren prozesamenduan, kontrolean edo soziologian.

Martxoaren 27an, Aran Garcia-Lekuek, Donostia International Physics Center-eko Ikerbasque ikertzaileak, “NANOzientzia-fikzioa” hitzaldia emango du. Izan ere, zinemaren eta literaturaren historian, zientzia-fikzioak aurrerapen teknologikoak eta zientifikoak nagusi diren mundua aurkeztu digu, horietako batzuk pentsaezinak duela urte batzuk. Nanoteknologiaren kasua da, irrealak diruditen eskala txiki-txikitan erabiltzea materia. Gure zainetatik dabiltzan robotak gaixotasunak sendatzeko, gizakiak biologikoki eraldatuak muturreko egoeretan bizirik irauteko. Fikzioa ala errealitatea? Muga jada ez da hain argia; nanozientzian eta nanoteknologian izandako aurrerapen sinestezinak errealitate bihurtzen ari dira duela hamarkada batzuk gure irudimenaren emaitza besterik ez zena.

Datozen hilabeteetan, Maia García Vergniory-k material berriez hitz egingo du, Juan Ignacio Pérez-ek animalien fisiologiaz, Alicia Sintes-ek grabitazio-uhinez, Ion Erreak supereroankortasunaz, eta Javier Aizpuruak fotonikaz. Urte-bukaera arte, astrofisikaz, kosmologiaz, neutrinoen fisikaz, bioteknologiaz eta energia berriztagarriez ere hitz egingo da zikloan.

Hilero Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean izango dira zientzia-kulturako ZientziaKutxa hitzaldiak, nahiz eta baten batzuk izango diren Eureka! Zientzia Museoan eta Ruiz Balerdi aretoan ere, baina honelakoetan aldez aurretik ohartaraziko dugu.