Datorren larunbatean, Donostiako Antzoki Zaharrean 19:30etik aurrera egingo den galan, Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak, 54. edizioan, emateko ekitaldia izango da.

Joan zen urtarrilean egin zen deialdia kontakizun-liburu eta antzerki modalitateetan, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz, eta Epaimahaiak irailean jakinarazi zuen bere erabakia: Fernando Trías de Bes-ek, El trámite lanarekin, irabazi du lehiaketa gaztelaniazko antzerki-modalitatean. Euskarazkoan, Oier Guillán-en Aire ikusezina izan da irabazlea; gaztelaniazko kontakizun-liburuen atalean, Moebius, Matías Candeira-rena; eta modalitate berean, euskaraz, Alexander Martínez Iturriak idatzitako Iraumen liburuarentzat izan da saria.

Lehiaketa honetako sariak 15.000 euro eta garaikurra dira antzerki-modalitateko irabazleentzat, eta 10.000 euro eta garaikurra kontakizun-liburuen modalitateko irabazleentzat.

Gainera, datorren larunbatean bertan aurkeztuko dira inprimatuta lan irabazleak, literatura-lehiaketa honen beste gauza erakargarri bat.

“Txarriboda”

“Hika Teatroa” taldeak animatuko du sariak emateko ekitaldia eta Txarriboda antzezlana emango du, umorez eta ironiaz beteriko musika-ikuskizuna, ikus-entzuleen eta kritikaren aldetik arrakasta handiz ematen ari direna Euskal Herriko antzeztokietan.

Txarriboda, era guztietako jendearentzako festa izateaz gain, bat dator bete-betean aurten kontakizun-liburu eta antzerki modalitateetan saritutako lanen espirituarekin. Txarriboda antzezlan jatorrizko eta argitaragabea ere bada, Agurtzane Intxaurragak idatzia, agertoki edo jokalekuetara eraman ahal izatea izan delarik bere saririk onena. Espero dezagun ekitaldi honetan saritutako lanek ere zorte edo aukera bera izatea.

Guztira 509 lan aurkeztu dira lehiaketara

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 54. ediziora 509 lan aurkeztu dira guztira, horietatik 481 gaztelaniazko kontakizun eta antzerki modalitateetan, eta 28 euskarazko kontakizun eta antzerki modalitateetan.

  • Gaztelaniazko kontakizuna: 229 lan
  • Gaztelaniazko antzerkia: 252 lan
  • Euskarazko kontakizuna: 9 lan
  • Euskarazko antzerkia: 19 lan

2016ko edizioari dagokionez, oro har lanak gehitu egin dira, %31 gehiago (aurreko edizioan baino 121 gehiago).


CiudadSnSn2018 3x1