Gaur egungo Kutxa Fundazioaren gizarte ekintzak itzelezko lana finantzatu du 50 urtez: Donostia hiriaren Historia berregitea. 1813. urtean, artean Donostiako esparru harresituan zegoen soldadu-talde napoleonikoaren aurka tropa angloportugesen erasoa burutu zen, eta ordu arteko agiritegi edo artxibo ia gehienak suntsitu zituen orduan eragindako sute bereizkuntza gabeak. Halabeharrez, eta erasoek eta Donostia hartu zuten tropa kontrol gabeek eragindako basakeria beraren mende egon arren, probintzia-artxiboak onik atera ziren sute hartatik, biltegiraturik zeuden lekuaren gainera eroritako hondakinek babestu zituzten eta. Donostiako agiritegiak suntsitu zituen zorigaitzeko patu beretik onik atera ziren probintzia-artxibo horiei esker, Dr. Camino Taldeak hiri honen historia berreskuratzeko lana zaila izan zen, baina ez ezinezkoa.

Liburutegi berri honetan ikusgai dauden objektu historikoak lan horren lekukotasun grafiko eta ukigarriak dira, azkenean Donostiaren nahiz Gipuzkoa osoaren Historia berrosatzeko oso onuragarriak izan direnak.

Eta ostegunean, urriak 25, arratsaldeko 19.00etan, publikoari irekita aforoa bete arte, Dr. Camino – Serapio Múgica Liburutegi berri hau aurkeztuko dute Jose Ignacio Mugica Brunetek eta Rosa Ayerbe eta Elena Legorburu historialariek. Lehenak alderdi familiarra nabarmenduaz eta historialariek liburutegiari egin dion aportazioa azpimarratuz.

Serapio Múgica

Liburutegi hau neurri batean pertsona bati eskainia dago, eta ondo merezia du ohore hori. Serapio Mugica Zufiria, hori baitzen haren izen osoa, Ormaiztegin jaio zen 1854. urtean. Neketsua baina ongi baliatua izan zen bizitza hasi zuen orduantxe. Ekonomia aldetik ondo zebilen familia batean sortu arren, Serapiok 1855. urtean munduaren zati handi batean (baita Gipuzkoan ere) pairatu zen kolera- izurritearen ondorioz galdu zituen gurasoak.

Garai hartan Ormaiztegi eta Probintziaren gainerakoa bete-betean sartu ziren industria-aroan. Ozta-ozta hamar urte zituela, Serapiok biaduktu edo zubi-bidea eraikitzen ikusi zuen, hark ahalbidetu zuelarik bere jaioterria Madril eta Parisekin elkartzea. Lan hark harridura sortu zion Bilbon zegoen kontsul iparramerikarrari ere. 1881. urtera arte asentatu ez zen bizitza baten atarikoak baino ez dira horiek. Orduan ezkondu zen eta finkatu zen haren karrera arrakastatsua historialari eta artxibozain gisa, bera probintziako dokumentu-funts gehienak antolatu zituelarik. Ordura arteko bidean, Zuzenbide ikasketak bertan behera utzi zituen Zaragozan, hondamendi ekonomikoa eta azken karlistaldiaren (1873-1876) abentura bizi izan zituen, boluntario karlista gisa ibili zelarik gerran. Bizitza asaldatu eta probetxugarri hori 1941. urtean amaitu zen Donostian, historialari beteranoak (jada lekuko gisa) gertakizun historiko handiak bizi ondoren: errusiar iraultza, 29ko “crack” edo Depresio Handia, faxismoen goraldia, bi mundu-gerrak, ...

Dr. Camino Taldea

Zaila da lerro bakan batzuetan laburtzea Donostia hiriaren historia berreskuratzeko talde horrek eginiko lan bikaina; izan ere, hiri honek 1813an bere artxibo edo agiritegirik gehienak galdu zituen.

1967. urtean, orduko Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren laguntzaz, Donostiako Historiari buruzko Dr. Camino Taldea sortu zen. Haren sustatzaile intelektual nagusia –XVIII. mendeko historialari jakintsu horren lanak inspiratua– Jose Ignacio Tellechea Idigoras doktorea izan zen. Zaila da lerro bakan batzuetan laburtzea Donostia hiriaren historia berreskuratzeko talde horrek eginiko lan bikaina; izan ere, hiri honek 1813an bere artxibo edo agiritegirik gehienak galdu zituen, Europako gertakizun historiko handienetako baten –gerra napoleonikoen– erdian eragindako sutearen ondorioz.

Arriskatua bezain beharrezkoa eta CAMek babestua zen eginkizun intelektual haren arrakastaren lekukoak dira, batetik, gaur egun hemen dagoen liburutegia –gertaera haietatik hirian erre gabe geratu zen kale bakarrean izan zuen kokalekutik hona aldatua–; bestetik, erakunde honek bildu dituen azterketa historikoen kopuru izugarria, lehenik hiri honi buruzkoak, gero Probintziari buruzkoak eta azkenik Euskal Herri osokoak; eta noski, ezin aipatu gabe utzi Tellechea Idigorasen beraren lan pertsonala proiektu horretan, Miguel Delibes-en literatura- lan ospetsuenetako bat (“El hereje”) inspiratzera iritsiko zena.