Gaur Ideia zeinu batean. Sánchez-Ubiría bilduma izeneko erakusketa inauguratuko da Donostiako kubo-kutxa aretoan, eta publikoarentzat ikusgai egongo da bihartik, 2018ko urriaren 20tik, 2019ko urtarrilaren 20ra arte.

Sánchez-Ubiría bilduma Sebastián Ubiría (1947-2014) eta Margarita Sánchez (1944) senar-emazteek osatu dute 30 urte baino gehiagotan, eta bilduma partikular paregabea da.

Gaur egun 500 artelan inguru ditu, eta hasieran Afrikako arte tradizionaleko piezak bakarrik zituen. Geroago, jauzi egin zuten arte garaikidera, Afrikagatiko pasioa alde batera utzi gabe.

Erakusketa

Margarita Sánchezek honako hau adierazi zuen duela gutxi egunkari nazional batean: «Jendea ezin da bizi arterik gabe. Arteek mundu guztiaren eskura egon behar lukete». Eta ideia horrek darama bere bilduma ezagutzera ematera.

Gaur aurkeztuko dugun erakusketak artearen bi aldaera arras desberdin aurkeztu nahi ditu, haien arteko elkarrizketa baten bidez.

Izenburua, Ideia zeinu batean, Pentsaera basatia (1962) liburuko aipu batetik hartua dago; liburu horretan, egileak, Claude Lévi-Strauss antropologo frantziarrak, gogoeta egiten du Afrikako arte tradizionalaren eta mendebaldekoaren arteko antzekotasunei buruz. Nahiz eta, Sergio Rubirak erakusketa honen katalogoaren testu batean aitortzen duen moduan, «eginezina da, eta fikzio bat eraikiz baino ezin da lortu, kirrinka egiten duen eta bat ez datorren fikzio bat eraikiz».

Ideia zeinu batean. Sánchez-Ubiría bilduma erakusketak zenbait piezaren edertasuna eta interesa ezagutzera gonbidatzen gaitu, alde batetik, eta bestetik, Afrikako antzinako arteko eta arte garaikideko lanen artean existitzen den elkarrizketa etengabea argitzen saiatzera. Eta oso ikuspuntu estimulatzailea darabil horretarako, ikuspuntu dinamikoa, esan genezake. Ikusle aktibo gisa kokatzen gaitu aukeraz betetako mundu baten aurrean.

Hala, artelan bakoitzera hurbilketa huts bat egitea proposatzetik harago –eta hori ez litzateke gutxi, haien kalitatea kontuan hartuta–, aukera bikaina eskaintzen zaigu hainbat tokitan eta testuinguru oso desberdinetan ekoitzitako artelanen artean loturak ezartzeko, eta, halaber, gogoeta egiteko beste kultura batzuekiko dugun begiradari buruz edo ideia batzuen iragankortasunari buruz, zeinak zaizkion berezkoak gizakiari, edonondik datorrela ere.

Nolabait ere, Afrikako arte tradizionaleko lanak arte garaikidekoekin erlazionatzeko antzekotasun erlatiboak bilatu izan dituzten beste erakusketa batzuetan erabilitako estrategietako asko darabiltza erakusketa honek. Hainbat alderditan bilatzen dira antzekotasun horiek, hala nola formen jarraitutasunean, materialen erabileran, fetitxearen ideian, errituaren presentzian, artista azti edo xaman gisa agertzean eta pentsamendu basatia zientifikoarekin aurkaratzean.

Eta elkarrizketa hori sotiltasunez iradokitzen zaigu, determinismorik gabe, bururatu dakizkigukeen beste erlazio batzuk baztertzen ez dituen aukera gisa, erlazio horiek tematikoak, kontzeptualak edo soilik estetikoak izan daitezkeelarik. Ikus dezagun noraino garamatzaten.

...gehiago irakurri (prentsa-oharra pdf formatuan)