Gizarte-aktibazioa, elkarlana, konplizitate-sareen premia eta konpromiso pertsonalaren garrantzia azpimarratzeko helburuaz, “Elkartasun Aleak” erakusketa sortu da; 21 panel izango ditu eta Egia pasabidean egongo da ikusgai azaroaren 12ra arte.

Hogeita bat panel horietako 5 sarrera eta justifikazioa, ondorioak eta agenda azaltzeko dira. Beste 8 panel bikoitzak gai hauentzat izango dira: Berdintasuna, Kultura Aniztasuna, Nagusiak, Adin Txikikoak eta Gazteak, Dibertsitate Funtzionala, Inklusioa, Osasuna, eta Lankidetza eta Garapena.

Panel hauek aipaturiko eremuaren definizio orokorra izango dute, azpikategoriak eta elkarteen izenak bakoitzaren QR kodeekin. Helburua da Gipuzkoako lurraldearen berezitasuna nabarmentzea beste eremu geografiko batzuekiko.

Alde batetik, elkarteekin harremanetan jarriko diren pertsonen kopurua gehitzea bilatzen da, eta ezagut ditzatela Gipuzkoako elkarte-sare garrantzitsuaren parte izateko dituzten aukerak. Eta bestetik, gazteak sentikortzea lortzea, aktiboki parte hartuz horretarako sare sozialetan botako diren erronketan. QR-etan klik egitean, elkarteei buruzko informazio interesgarria ezagutzeaz gain, Gipuzkoa Kutxa Solidarioak euro bateko ekarpena egingo dio elkarte horri. Zenbat eta elkarte gehiago ezagutu nahi diren, “ale” gehiago banatuko dira eta diru gehiago bilduko dute beren gizarte-proiektuak garatzeko.

Gainera, egiten duten lanaz gure jakin-mina ase ondoren, borondatezko lana egiteko bere burua aurkeztu nahi duenak beti izango du aukera beraiekin harremanetan jartzeko. Puntu honetan, garrantzitsua da gogoratzea boluntario gehienak astean ordubete eta bost orduko dedikazioarekin ibiltzen direla. Ohiko boluntarioen erdiak baino gehiagok astean 1 eta 5 ordu artean sartzen ditu borondatezko lanak egiten.

Zergatik Egiako pasabidea

“Elkartasun Aleak” erakusketa Egiako pasabidean kokatzeak adierazi nahi du sustraitu eta gizarteari beren fruitua ematen dioten hazi edo aleak direla elkarteak. Sustraiak ez dira ikusten, lurpean egoten dira hazten eta handitzen, lurra “urratu” behar dute kanpora, airera, irten eta garatu ahal izateko.

Edukien mailan, erakusketak Egia Careaga Fundazioaren txosten bat du, eta bertan 30 edo 40 grafiko daude boluntariotzaren dimentsioei eta Hirugarren Sektoreak Gipuzkoan duen jarduerari buruzkoak, inplikaturiko lagunen kopuruari buruzko informazio, egindako jarduera, boluntarioen profil, magnitude ekonomiko nagusi eta abarrekin.