Oinarriak ez betetzeagatik Kutxaren 2018ko Donostia Hiria literatura lehiaketan gaztelaniazko antzerki modalitateko saria baliogabetuta geratu ondoren, eta horren berri irailaren 8ko jakinarazpenean eman zen, azkenean modalitate honetan irabazlea “El trámite” lana izan da, Fernando Trías de Bes-ena, eta honek 15.000 euro eta garaikurra jasoko ditu horretarako 2018ko abenduaren 22an Donostiako Antzoki Zaharrean egingo den ekitaldian.

Fernando Trías de Bes (Bartzelona, 1967) idazle eta ekonomista da, marketin, sormen eta berrikuntzan espezializatua.

Bere saiakera eta eleberriak hogeita hamar hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira. La Vanguardia egunkariko Dinero gehigarrian idatzi ohi du, El País Semanal-en eta Diari ARA-n.

Lizentziatura du Enpresa Zientzietan, eta MBA bat ESADE eta Michigango Unibertsitatearen eskutik. ESADEko irakasle elkartua da 1994tik eta merkatu ikerketan espezializaturiko eta 1996an sorturiko Salvetti&Llombart enpresaren bazkide sortzailea.

Enpresa eta ekonomiako saiakerak idazten ditu, baita fikzio-liburuak ere. Bere saiakeren artean daude: “Marketing Lateral”, “Innovar para ganar”, biak marketinean espezialista den Philip Kotler-ekin (2003) batera argitaratuak; “La buena suerte” Álex Rovirarekin batera egina, bosten bat milioi saldu dituztelarik; “El vendedor de tiempo”, antzerkira eramana; “El libro negro del emprendedor”, ekintzaileek porrot egiteko faktore nagusiak aztertzen dituena eta, askorentzat, erreferentziazko liburua ekintzailetzaren munduan; “El hombre que cambió su casa por un tulipán”, Temas de Hoy 2009 saria irabazitako lana; “El gran cambio”, “La Reconquista de la Creatividad” eta “El libro prohibido de la economía”, hau Espasa de Ensayo 2015 saria irabazitakoa.

Fikzioan “Relatos absurdos” eta eleberri hauek idatzi ditu: “Palabras bajo el mar”, “El coleccionista de sonidos”, “La historia que me escribe”, “Mil millones de mejillones” -egungo munduari buruzko fabula edo alegia Toni Batllori-ren marrazkiekin- eta nobela labur bat: “Tinta” (Seix-Barral).

Gidoilari eta zuzendari gisa, La gran invención zuzendu eta idatzi du, A Contracorriente Films-ek estreinatu eta banatua, Nanteseko Nazioarteko Zinemaldian lehen saria (2015) eta Goya sarietarako aurreizendatua (2016), eta Un inmenso placer film laburra.

Kutxaren Donostia Hiria LIV. Literatura Sari hauetan, gaztelaniazko antzerki modalitateaz gain, euskarazko modalitatea dago, eta saritua Oier Guillán Bermúdez-en “Aire ikusezina” izan da; kontakizun-liburuen modalitatean irabazlea Matías Candeira de Andrés-en “Moebius” izan da; eta modalitate berean euskaraz “Iraumen”, Alexander Martínez Iturria-rena.

Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien deialdi honetara 509 lan aurkeztu dira guztira, horietatik 481 gaztelaniazko kontakizun eta antzerki modalitateetan, eta 28 euskarazko kontakizun eta antzerki modalitateetan.

  • Gaztelaniazko kontakizuna: 229 lan
  • Gaztelaniazko antzerkia: 252 lan
  • Euskarazko kontakizuna: 9 lan
  • Euskarazko antzerkia: 19 lan

2016ko edizioari dagokionez, oro har lanak gehitu egin dira, %31 gehiago (aurreko edizioan baino 121 gehiago).