Tabakaleraren lankidetzaz, Itziar Orbegozo eta Tamara Garcia errealizadoreek batera bisitatuko dituzte Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna eta Rosa Barba. Drawn by the pulse erakusketak.

Bi erakusketa horiek, abiapuntuak oso desberdinak izan arren, zinemagintza dute ardatz.

"Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna" erakusketak haren film guztiak eta telebista nahiz antzerkirako egindako kolaborazio guztiak biltzen ditu lehenengoz, Kutxa Kultur Artegunea aretoan. Modu kronologikoan kontatuta, erakusketak gure historiaren lau hamarkada baino gehiagoren erradiografia zehatza egiten du.

Drawn by the Pulse (2018) film-eskulturatik hartzen du izena Tabakalerako 1 eta 2 Erakusketa aretoetan dagoen bakarkako erakusketak. Rosa Barbak, Berlinen bizi den artista italiarrak, bere ikerketa-gaietako bat den astronomiari eta zinemari buruzko lan sail berri bati eman dio hasiera pieza horrekin. Harvardeko Behatoki Astronomikoan filmatu zen, eta pieza enigmatiko batean konbinatzen ditu deskubrimendu astronomikoak eta teknika zinematografikoak.

Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna

Erakusketa honen komisarioa Pedro Usabiaga (Donostia, 1959) argazkilaria izan da. Argazkilari honen ibilbidea bereziki ezaguna da zinemarako argazkilaritzan, nola prentsako kanpainetan, hala film askotako saio berezietan nahiz zinemarako liburuen argitalpenetan. Lan handia egin du ere argazki eta pintura erakusketen komisario gisa.

Erakusketa honetan, Eloy de la Iglesiaren ibilbide profesionalaren ibilbide kronologiko bat eskaintzen digu, antzerki eta telebistarako egin zituen lanak ere aintzat hartuta. Erakusketan haren filmografia osoaren ibilbidea egin daiteke 150 bat argazkiren bidez, film bakoitzaren sinopsiaz lagunduta.

Eloy German de la Iglesia Zarautzen jaio zen, 1994an. Zinemagile gisa, 1966an hasi zen haren ibilbidea, diktadura frankista bete-betean, eta hasieratik eman zuen garai hartako gizartearen ikuspegi ausarta. Zentsuraren aurka borrokatu zen, demokraziaren hasieran, 1977an, desagertu arte. Zinemaren eta bizitzaren militantean izan zen, amildegira eta haratago iristeraino.

Haren argumentu ausartetan, arazo asko agertzen dira, hala nola drogak, sexu jazarpenak diktadurapean zegoen herrialde batean, politika ustelkeria, talde paramilitarren ekintzak, gazteen delinkuentzia, homosexualitatea... Gai horiek guztiak tabu ziren garai hartan, eta hark dinamitatu zituen. Garai ilun eta erreprimitu baten erretratua egin zuen De la Iglesiak, bere militantzia politikotik eta konpromiso sakonetik, baina umorea ahaztu gabe eta publikoaren konplizitatea lortuta.

Obra bakan, probokatzaile eta apurtzaile baten egilea da, azpiko munduen kronikagilea, eta urteak igaro arren bere horretan dirauen estetika pertsonal baten jabe. Gaur, 2006ko martxoan hil zenetik 12 urte igaro direnean, haren obrak erreferente eta eredu jarraitzen du izaten zinemagile gazteentzat.

Itziar Orbegozo eta Tamara Garcia errealizadoreek gainera Te vuelvo a ver bideoa prestatu dute erakusketarako. Bertan, Eloy de la Iglesiaren lehen filmen berrikuspen bat egiten da, ikuspuntu femenino eta garaikide batetik.

Rosa Barba. Drown by the Pulse

Tabakalerak Rosa Barba artistaren Drawn by the Pulse erakusketa aurkezten du. Mostra hau Madrilgo Reina Sofia Museoko zinema eta bideo bildumaren arduradun den Cristina Cámara Bellok komisariatu du. Erakusketa jarduera programa zabal batekin osatuko da.

Rosa Barbak, hogei urtetik gorako ibilbidean, teknologia analogikoa eta argia bere lehengai nagusi bilakatu ditu, zinemagintzara bertara behin eta berriz itzultzen diren narratibak eraikitzeko. Berlinen bizi den artista italiar honek argia elementu eskultoriko moduan erabiltzen du, zinematik banaezina den eran. Bere filmak eskultura filmiko bilakatzen dira erakusketa eremuan.

Rosa Barbaren lanaren formak pisu handia du. Gaur egun, pantaila gure bizitzaz jabetu da, eta teknologia, berriz, ikusezin egin da, gainazal soil bilakatu. Hori horrela, bada, artistak agerian jarri nahi ditu zinemaren materialtasuna bera eta zinemak duen dimentsio eskultorikoa. Haren piezak esperientzia hutsa dira: mugitzen diren mekanismoak, erritmoak, zuzeneko proiekzioak eta material berbera hainbat formatan ikusteko aukera: argi sorta gainazal lau batean proiektatuz eta zeluloidea bera fotogramaz fotograma ikusiz, besteak beste. Testuinguru honetan, kosmosa eta zientzia fikzioa erakusketa osatzen duten piezak egituratzen dituzten ardatzak dira.

Erakusketari izena ematen dion pieza, Drawn by the Pulse, erakusketarako berariaz sortu du eta Tabakalerak ekoitzi du. Lan honetan Henrietta S. Leavitt-en figura hartu du abiapuntu gisa, hots, XX. mendearen hasieran aurkikuntza handiak egin zituen astronomo estatubatuarra, nahiz eta aurkikuntzen egiletzat Edward Pickering jo izan den, Leavittek nagusi zuen gizonezko astronomoa.

Eloy de la Iglesia eta Rosa Barbaren bisita bateratua

Urriak 4, osteguna // 18:30
Lekua: Kutxa Kultur Artegunea
Ezinbestekoa da erreserba egitea:
T- 943 251937 | aretoan bertan | Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna erakusketa irekita egongo da Kutxa Kultur Artegunean, 2018ko azaroaren 4ra arte.

Ordutegia
- Asteartetik igandera, 11:30-13:30 eta 17:00-21:00.

Sarrera doan.

Rosa Barba. Drown by the pulse erakusketa 2018ko urriaren 14ra arte egongo da irekita Tabakalerako 1 eta 2 erakusketa aretoetan.

Ordutegia
- Asteartetik ostegunera: 12:00-20:00. Ostiralean 12:00-21:00. Larunbatean 10:00-21:00. Igandean 10:00-20:00 (astelehenean itxita).

Sarrera librea.