POP POP POP American Pop Art erakusketan, areto honetan antolatu den 67.ean, Donostiako Kubo-kutxa aretoa bi milioi bisitari jasotzera iritsi da aste honetan.

2000. urteko abenduan ireki zen Oteiza 2000 erakusketarekin; Kutxa Fundazioaren Kubo-kutxa aretoa Rafael Moneo arkitektoak diseinaturiko Kursaal eraikin bitxian dago eta Donostiako kultura-bizitzaren eskaintzarik garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Aretoak 1.000 m2 ditu gutxi gorabehera, eta gune handi honek bere arkitektura bitxiarekin tamaina handiko erakusketak egiteko aukera ematen du.

Kubo-kutxa aretoaren programazioa, aldi baterako erakusketetan oinarritua, arte plastikoetan zentratua dago, bereziki XX. mendearen hasieratik gaur egunera arteko denbora-tartean. Aretoak, era guztietako publikoengana iristeko helburuarekin, nazioarteko izaera duten erakusketa-proiektuak inguru hurbilagoko proposamenekin konbinatzen ditu, eta gaur egungo artista handien atzerako begiratuak nahiz egungo arteari buruzko hainbat tesitan oinarrituriko talde-erakusketak antolatzen ditu.

Bere erakusketa-ibilbide esanguratsuagatik, Kubo-kutxa aretoa kulturaren erreferente bihurtu da, era guztietako arte-adierazpenak erakusteko leku, eta artista, aditu, kritikari eta publikoaren arteko topaketa-gune.

18 urte hauetan 67 erakusketa antolatu dira eta 10 bisitatuenak ondorengo taulan ikus daitezke:

Erakusketa  Urtea             Bisitari kop.
BALENCIAGA. Paristik Donostiara  2001    97.044 
LURRA ZERUTIK IKUSITA. Yann Arthus Bertrand-en argazki-proiektua        2004 69.812 
MIRÓ. Poesia eta Argia  2010 58.042
MANIFESTA 5. Arte Garaikidearen Europako Bienala  2004 57.664 
 MONEO. Museoak, Auditoriumak, Liburutegiak  2005 50.433 
RICARDO MARTIN  2016/17 48.924 
CHAGALL. Sens dessus dessous  2011 48.037
IKUSMIRA. LAZKANO  2016  48.004
CHILLIDA. Bideak  2014  45.006
OTEIZA 2000  2000/01  43.868

 

Esan dugun bezala, une hauetan eta irailaren 30era arte, POP POP POP. American Pop Art ikus daiteke; erakusketa honek dagoeneko 15.000 bisita baino gehiago izan ditu, eta arte-korronte honen funtsezko ehunen bat pieza daude bertan ikusgai, bere ordezkari nagusietako bostek eginak: Andy Warhol, Keith Haring, Robert Indiana, Roy Lichtenstein eta Robert Rauschenberg-ek.

Jarraian Ideia zeinu batean. Sánchez-Ubiria bilduma etorriko da, urriaren 20tik urtarrilaren 20ra. Erakusketa honek Sánchez-Ubiria bilduma ezagutaraziko digu, bi funts garrantzitsuk eratua: lehenengoan Afrikako etnografia-piezak daude, eta bigarrenean gaur egungo arte-lanak. Ideia zeinu batean erakusketak Claude Levi-Strauss antropologoaren La pensée sauvage liburuko aipu bat hartu du, obra-multzo baten eta beste baten arteko harreman posibleei -edo hobeto esanda, ustezko harremanei- buruz hausnarketa egiteko.

Ideia zeinu batean erakusketak kidetasun hauek bilatu dituzten erakusketetan erabilitako estrategietako asko hartu ditu Sánchez-Ubiria bildumako afrikar funtsa eta garaikidea erlazionatzeko, honelako gaiak aipatuz: formen jarraitutasuna, materialen erabilerak, fetitxearen ideia, errituaren presentzia, artista xaman gisa, pentsamendu basatia pentsamendu zientifikoaren aurrean, besteak beste, aldi berean paraleloan, oin-ohar gisa funtzionatzen duten beste irudi eta testu batzuen bidez, kontakizun honi testuinguru bat eraikitzen zaiolarik, eta ahaztuta utzi duena aipatzen delarik.