Proiektu hau leku jakin bati ateratako argazki sorta hutsa baino gehiago da. Esan liteke Juan Manuel Castro Prietok memoriaren eta haren berreraikuntzaren gainean, bizitoki ditugun lekuekiko identitatearen gainean gogoeta egiteko aukera ematen digula, 39 urtean zehar egindako argazkien bidez. Cespedosa de Tormes da haren abiapuntua, eta bisitarientzat munduko beste edozein leku izango da. Oso proiektu pertsonala da, baina, hala eta guztiz ere, ikusleak identifikaziorako eta introspekziorako espazio bat aurkituko du bertan.

Erakusketa

Erakusketaren komisarioa Chema Conesa da, eta ekoizlea, berriz, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioa (Arte Ederren Sustapenerako Azpizuzendaritza Nagusia).

Cespedosa de Tormes, erakusketaren ardatza, Salamancako probintziako bostehun bat biztanleko herri txiki bat da, egilearen gurasoen jaioterri eta bizitoki, hiriburura lekualdatu ziren arte, non jaio zen Juan Manuel.

Argazkilariaren bizi-inguruneko erreferentziazko lekua da Cespedosa. Haren haurtzaroaren, lehen oroitzapenen, gaztaroaren eta maitasunaren agertoki izan da, eta egilea behin eta berriz itzultzen da hara, eta bertan igarotzen ditu denboraldi luzeak. Argazkilariak ongarritutako soro sentimentala du herrian, eta bertan argazkietarako materiala aurkitzeaz gain, bere memoria arakatzen du, irudien berreraikuntzaren bidez. Haren lanak denboraren joanarekin sendotuz doan koherentzia lortzen du, eta fotografiatzeko modu batean zeharreko ibilbide etapadun bat sortzen du, diskurtso fotografiko bat eraikitzeko berezko moduan zeharreko ibilbide bat; diskurtso hori beste lan askoren jatorria da, eta aldi berean, egile ospetsu honen begiradaren ardatz antzemangarri eta nabaria.

Sei ataletan taldekatutako 184 argazkiren eta 2 bideo osagarriren bidez, Castro Prietok deskribapen hutsetik harago doan Cespedosa bat aurkezten digu, ohiko dokumentalismotik harago doana eta egilearentzat leku magiko gisa jarduten duena, bertan askatu egiten baititu bere ametsak eta sormenezko irrikak.

Prentsa-oharra deskargatu (word formatuan)