Kutxabanken Akziodunen Batzorde Nagusiak goizean ohiko bilera egin du eta Fundazio akziodunei 2017an lortutako irabazi garbiaren %50 bideratzea onetsi du, guztira 151 milioi euro.

Akordio honen bitartez, dibidenduak banatzeko azken hiru ekitaldietako politikari eusten zaio, irabaziaren erdian finkatua. Honela, 2015. urteaz geroztik banka Taldeak akziodunen artean 382 milioi eurotik gorako erretribuzioa banatu du.

Gogoratzekoa da iazko abenduan 115,5 milioi euroko dibidendua kontuan ordaindu ziela BBK, Kutxa eta Vital Fundazioei. Orain, aurrerapen hura 151 milioi eurora arte osatzen da, 2017ko kontuak erabat itxi ostean.

2017an 302 milioi euroko irabazi garbi trinkoa lortu zuen Kutxabankek, eta marjina guztietan hobekuntzak lortu zituen, tartean Interesen Marjinean, bai eta aktibo osoaren saldoan ere.

Emaitzaren hobekuntza, aurreko urtekoa baino %23,6 handiagoa, hipoteka maileguen negozioan eta enpresen finantziazio trinkoan oinarritu zen, marjinen kudeaketa onean, aseguruen negozioak duen ekarpen geroz eta handiagoan, eta fondoetan eta pentsio planetan kudeatutako ondarearen hazkundean. Horrez gain, bilakaera positiboa izan zuten arriskuei lotutako aldagarrien politikak eta lotura-maila oneko bezero digitalen kopuruak ere. Hau guztia, gobernantzaren eta berankortasun, errentagarritasun eta eraginkortasun ratioen etengabeko hobekuntzarekin.