Kutxa Banku Fundazioak ostiralean ospatu zuen patronatuan, Garbiñe Garmendia izendatu zuen Eureka! Zientzia Museoko zuzendari. Garmendia hurrengo apirilaren 1ean hasiko da lanpostu berrian eta erantzukizun horretan Ignacio Zuzuarregui ordezkatuko du, azken honen aurre jubilazioa dela eta.

Garbiñe Garmendia une honetan museoaren zuzendari ordea da, Marketing eta Komunikazio departamentuko arduraduna izan ondoren eta erreserben arduradun gisa hasi ondoren Eureka! Zientzia Museoan lanean orain dela 17 urte.

Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako ikasleek gehien bisitaturiko museo interaktiboa da. Bisitariak lehen pertsonan esperimentatzeko aukera ematen du, zientziarekiko interesa sustatzen du eta zientzia era atseginean bisitariei hurbiltzen die, 2017an 184.223 pertsona izan zirelarik.

Astronomiak toki garrantzitsua izaten jarraitzen du museoko jardueren eskaintzan eta horren erakusgarri dira hilero eskaintzen ditugun zuzeneko saioak eta Planetariuma, orain 3D saioak ere eskaintzen dituena.

Zentroak badu erakusketa iraunkor bat, non zientziaren hainbat eremu ikus daitezkeen, gaikako 8 aretotan banaturiko 170 modulu interaktibo baino gehiagoren bidez. Erakusketa honetan beste hiru modulu sartu dira, hauek ere matematikari lotuak: Pitagorasen Teorema, Hiperboloide eta Gauss-en kanpaia.

Eta Animalia aretoari dagokionez, harrotasunez esaten dugu “familia” hazten ari dela, 2017an bertan jaio baitira pogona edo herensuge bizardunak, gezi igelak, fasmidoak, ziklidoak eta axoloteak. Animalia-n eskainitako tailerretan eta bisitetan izandako parte-hartzaileen kopuruak (4.826 ikasle eta 3.773 partikular) ere finkatu dela erakusten dute.

Behatoki astronomikoa ere badu, Foucaulten pendulu bat, zonalde ludikoago bat simulagailuekin eta askotariko animazioak eta ikuskizunak.