2019ko urtarrilean, Kutxa Fundazioko bi aretoetan erakusketa bana egongo da ikusgai, bi bildumagile garrantzitsuri buruzkoak, bi-biak. Kubo-kutxa aretoan, urtarrilaren 20ra arte bisitatu ahal izango da Ideia zeinu batean erakusketa, non elkarrizketan ari diren Sánchez-Ubiríaren bi bilduma, arte garaikideari buruzkoa, bata, eta Afrikako arte tradizionalean ardaztutakoa, bestea. Era berean, Kutxa Kultur Artegunea aretoan Lola Garridoren argazki bilduma bikaina dago ikusgai, Argazkigintzaren historia eramangarria izenekoa.

Bi erakusketa horiek direla-eta, Kutxa Fundazioko erakusketa aretoek hainbat jarduera antolatu dituzte bildumagintzaren eta mezenasgoaren gainean. Urtarrilaren 10ean, mahai inguru bat izan zen, Lourdes Fernándezek zuzendua, eta bertan parte hartu zuten Marga Sánchezek eta Lola Garridok.

Jarduera horien harira, urtarrilaren 17an beste mahai inguru bat egingo da, 19:00etan, Kutxa Kultur-en (Tabakalerako 4. solairuan). Bertan izango dira Denis Itxaso Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuko diputatua, eta Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua, eta Ander Aizpurua Kutxa Fundazioko zuzendariarekin batera arau berri horren ildo nagusiak azalduko dituzte.

Mahai inguruak doako sarrera izango du. Jarleku kopuru mugatua.

FORU ARAUA

2018ko azaroaren 27an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak kultura mezenasgoaren aldeko zerga pizgarrien Foru Arauaren proiektua onartu zuen. Arau horrek kenkariak ezartzen ditu interes sozialeko kultura proiektu zein jarduerentzat, eta neurri horren helburua da kulturarekin lotutako jarduera eta proiektuei egiten zaizkien ekarpen pribatuak sustatzea. Horretarako, %35era arteko pizgarriak sartu ditu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta %20ra artekoak, berriz, Sozietateen gaineko Zergan.

Neurri horrek, Etorkizuna Eraikiz programaren baitan txertatuak, helburutzat du zerga pizgarriak ezartzea interes sozialeko proiektu zein jarduera kulturaletan finantzaketa pribatua bultzatzeko, eta, ondorioz, Gipuzkoako Lurralde Historikoko garapen kulturala areagotzeko.


Kubo 640x285

Kubo-kutxa. Ideia zeinu batean. Sánchez-Ubiría Bilduma