Kutxa Fundazioa-Gordailua beka berria, 30.000 euro eta 12.000 franko suitzarrez hornitua, jarri dute abian Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroarekin lankidetzan.

Kutxa Fundazioa-Gordailua bekaren helburua kontserbazio eta zaharberritzearen arloan prestakuntzan eta ikerketa sustatzen laguntzea da, eta, bereziki, arte ederrei eta beste kultura-ondasun batzuei buruzko kontserbazio- eta zaharberritze-jardunbideetan parametro jasangarriak ezartzen laguntzea. 

Urteroko beka honen hartzaileak kontserbatzaileak edo kontserbazioan diharduten profesionalak izango dira. Bekan 30.000 euro, Kutxa Fundazioak emanak, eta 12.000 franko, Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroak emanak, sartzen dira.

Beka 2022ko irailean hasiko da, 3 hilabeteko egonaldiarekin Gordailua-Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan (Irun), zentroa eta bertako lan-ildoa ezagutzeko; jarraian 6 hilabeteko egonaldia egingo da Suitzako Museo Nazionalak Affoltern am Albis-en duen Bildumen Zentroan; eta amaitzeko 10 hilabeteko egonaldia Gordailuan, non ordu arte lortutako ezaupideak aplikatuko diren proiektu jakin batean, eta proiektu horrek Gordailuaren arazo edo premiak hartuko ditu kontuan arte ederrei eta beste kultura-objektu batzuei buruzko kontserbazio eta zaharberritzearen inguruan jasangarritasunaren ikuspegitik.

Beka hau eta Kutxa Fundazioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren eta Suitzako Museo Nazionalak Affoltern am Albis-en duen Bildumen Zentroaren artean sinatutako hitzarmena beste urrats bat da Gordailua nazioartekotzeko, eta harremanak finkatzen ditu, orain arte Gordailuako taldeak Europako Kontserbazio-zentroetara bisitak soilik egin izan baditu ere.

Aurkezpena Diputazioa izan da. Bertan, Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusia; Ane Abalde, Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare zuzendaria; Harkaitz Millan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol diputatua; eta Carlos Olaetxea, Gordailuako zuzendaria izan dira (beheko irudian).

Beka honen baldintzak eta oinarriak webgune honetan egongo dira ikusgai apirilaren 25etik aurrera.

 

[irakurri gehiago: prentsa-oharra...]


220331 KutxaFundazioa Gordailua Beka aurkezpena