Goierri Eskolak Saiakuntza Ez Suntsikorren laborategi berria (NDT Lab) jarri du martxan. Kalterik eragin gabe, piezen edo materialen ezaugarriak egiaztatzeko egiten diren entseguen gune berria izango da, ikasgai hauetan irakasleria propioa duen Espainiako lanbide heziketako zentro bakarra eta CERTIAEND ziurtapen erakundeak onartutakoa.
Goierri NDT Lab laborategiaren sorkuntzarako Kutxa Fundazioaren laguntza izan du Goierri Eskolak, erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako proiektua baita gune berri honen sorkuntza.
Goierri Eskolak, pertsonen prestakuntza integrala bilatzen eta bultzatzen du, irakasleen etengabeko formakuntzarekin, eskolaren eta enpresen arteko harremana sustatuz eta kalitatezko hezkuntza bat eskainiz: pedagogikoki gaurkotua, aniztasunari erantzuten diona, metodologia aktiboetan oinarritutakoa eta ikasleen artean ingurumenarekiko eta segurtasunarekiko begirunea zabaltzen duena. Eskualdeko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten dien zentroa da Goierri Eskola, hiru arlo teknologikotara bideratzen dena: Informazio eta Komunikazio Teknologietara, 4.0 industriara eta Saiakuntza Ez Suntsitzaileetara (SES).
Gaur egun 1200 ikasle baino gehiagori eskaintzen dio zerbitzua Goierri Eskolak, lau zutabetan banatuta: Batxilergo eskaintza, Lanbide Heziketa, ingeniaritza ikasketak eta master bat. Lau zutabe horietan ahalik eta eskaintzarik egokiena eta eraginkorrena eskaintzen jarraitzeko lan lerro estrategikoak eguneratzen ari da egun Goierri Eskola, gaur egun martxan dituen zutabeak indartzen jarraitu eta Goierri eskualdeari zein gizarteari punta-puntako proiektu jasangarri bat eskaintzen jarraitzeko.
Gaur egun, Goierri Eskolak, formakuntza eskaintzeaz gain, nazioarteko hainbat programatan parte hartzen du, enpresekin elkarlanean dihardu hainbat proiektutan, langabeei zuzendutako ikastaroak eskaintzen ditu, enpresentzako SES prozedurak diseinatzen ditu, edo enpresen behar zehatzetara bideratutako kurtsoak eskaintzen ditu, besteak beste.
Goierri NDT Lab gune berria martxan jarrita, urtean 200 pertsona inguru formatuko ditu Goierri Eskolak, SES-en arloan eskualdeko premiei erantzungo dieten profesionalak trebatuz, eta Espainiako iparraldean erreferentziazko zentro bihurtuta.