• Bere eragin-, kudeaketa- eta antolaketa-eredua birformulatuko du, Gipuzkoarekin duen konpromisoa berritzeko eta gizarte bidezkoago, sortzaileago eta jasangarriagoa lortzen laguntzeko, pentsamendu kritikoan eta konpromiso kolektiboan oinarrituta.

  • Kutxa Fundazioaren gune berri bat sustatuko du Tabakaleran, diziplinarteko ezagutzarako gune bat, eta bertatik egituratuko du bere kultura-, zientzia- eta hezkuntza-eskaintza berria, Gipuzkoako gizartearen premiekin hobeto konektatzeko.

  • Kutxa Fundazioak urtero 20 M€ bideratzen ditu Gipuzkoako gizarte osoari zuzendutako ekimen eta proiektuetara.

Kutxa Fundazioak, erakunde gisa, datozen urteetan eraldatzeko prozesu sakon bati ekitea erabaki du; gizartera hurbiltzeko eta gizartearekin harremanak izateko duen modua aldatuko du, modu eraginkorragoan eta garai berrietara egokituta bultzatzen jarraitzeko Gipuzkoaren aurrerabidea.

Kutxa Fundazioaren jarduerak gizartean duen eragiteko modua berriz definitu nahi da, eta, azken batean, Gipuzkoan erakunde erreferente gisa izateko, egoteko eta egiteko modu berri bat bultzatu.

Eraldaketa-prozesu hori Kutxa Fundazioaren 2030 Plan Estrategiko berriaren barruan sartzen da, eta, alde horretatik, egitura-aldaketak ekarriko ditu. Aldaketa horiek, beste alderdi askoren artean, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Tabakaleran, izango duen presentzia birformulatu eta indartuko dute; Kutxa Fundazioaren gune hori diziplinarteko ezagutza sustatzeko birpentsatuko da, gizartea eraldatzen lagundu dezan, arte, kultura, zientzia eta teknologian oinarrituta, lurraldeko ezagutza- eta berrikuntza-ekosistema zabalaren eskutik.

Horren haritik, eta beste jarduera-ildo batzuen artean, Kutxa Fundazioak bere apustua indartuko du hezkuntzaren eta talentua babestearen, zientzia-dibulgazioaren, gizarte-berrikuntza sustatzearen eta jasangarritasunaren alde, diziplinarteko ikuspegia duen gune abangoardista batean.

Asmo handiko erronka hori Gipuzkoa osora proiektatuko da programazio gehigarriaren eta hedapen digital indartsuaren bidez, eta horretarako Kutxa Fundazioaren ekarpena berregituratu behar da, hainbat instalazio edo ekipamendutan banatuta dagoena, hala nola Arotz Enean, Eureka! Zientzia Museoan, edo Ekogunean.

Egungo Eureka! Zientzia Museoa ekipamendua 2023an itxiko da, eta bere dibulgazio- eta hezkuntza-jarduerak berritu eta birformulatu egingo dira formatu modernizatu, digitalizatu eta garaikidean Kutxa Fundazioak Tabakaleran duen gunean.

Kutxa Fundazioak iraunkortasunarekiko konpromisoa indartuko du bere jardueren ardatz estrategiko eta zeharkako gisa, hezkuntza-komunitatearen eskutik hezkuntza-eredu berriak garatuz, adibidez Baso Eskola-Naturan Hezi, eta erronka ekologiko nagusiei erantzuteko proiektu esperimentalak bultzatuz. Aldi berean, une honetan Kutxa Fundazioa beste eragile batzuekin hizketan ari da Ekoguneko instalazioetan jasangarritasun-proiektu bat egiteko.

Eta Nafarroan Arotz Enea udaleku-etxea ere, COVID-19a hasi zenetik itxita dagoena, behin betiko itxiko da; Kubo Kutxari lotutako ekimenek eta programek berriz, Kursaalen garatzen direnek, bere horretan mantenduko dute beren funts eta filosofia.

Ikuspegi berritua

Datozen urteetan, urteko aurrekontua 20 M€koa izango da, eta asmo handiko apustu hau osatzeko, programak eta proiektuak bideratzeko beste ikuspegi bat erabiliko da. Programa eta proiektu horiek jada egiten zituen Gipuzkoako funtsezko eragileekin lankidetzan, jasangarritasuna eta gizarte-kohesioa sustatzen, hirugarren sektoreko erakundeak sendotzen, gizarte-ekintzarako laguntzak ematen, edo biozientzien eta onkologiaren sektorean I+G+b laguntzen duten proiektuak aliantzan bultzatuz, besteak beste.

“Ikuspegi berritu horren barruan, Kutxa Fundazioak Gipuzkoako gizartea interpelatu nahi du, gure oraina eta etorkizuna markatzen duten erronkei erantzun integralago, diziplinartekoago eta eraldatzaileagoak ematen inplikatzeko aukerak eskainiz”, adierazi du bere zuzendaria den Ander Aizpuruak.

Aizpuruak azpimarratu duenez, “etorkizunari begira gizarteak behar dituen pertsonak, esperientzia eta ezaupideak baditu Kutxa Fundazioak, eta hori oinarri hartuta erabaki dugu Gipuzkoarekin dugun konpromiso berria eraikitzea. Gure erakundearen oinarri diren balioetatik abiatuta, izateko, egoteko eta egiteko modu berri bat sustatzea erabaki dugu”.

Hausnarketa-prozesu parte-hartzailea

Kutxa Fundazioak egindako hausnarketa-prozesuaren eta krisi ekonomikoak, digitalizazioak, larrialdi klimatikoak eta COVID-19aren pandemiak bizkortu dituzten gizarte-aldaketa sakonen emaitza da hain eraldaketa sakona.

Erakundeak ulertu du gizartea eta ingurunea aldatu egin direla, eta garai berriek erantzun berriak eskatzen dituztela Gipuzkoako aurrerabidean erreferente izan eta eraldaketarako eragile gisa duen zeregina berriz definitu nahi duenaren aldetik. Gauzak egiteko, lankidetzan aritzeko, gizartearekin konektatzeko eta haren garapena bultzatzeko modu berriak.

Premisa horretatik abiatuta, eta Garapen Jasangarriari buruz NBEk bultzatutako 2030 Agendarekin, Kutxa Fundazioak 4 helburu handiren inguruan eragiteko edo gizartera iristeko modu berria zehaztu du:

  • Gizartea ahalduntzea kulturaren eta zientzien bidez, pentsamendu kritikoa bultzatzeko.
  • STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika) bokazioak sustatzea, baita haur eta gazteengan talentuaren garapena ere.
  • Lurraldeko pertsona eta eragileek beren gizarte- eta ingurumen-konpromisoa aktibatu eta 2030 Agenda bultzatzeko proiektu eraldatzaileak garatu ditzaten sustatzea.
  • Enpresei eta ekintzaileei laguntzea gizarte-aurrerabidera zuzendutako garapen ekonomiko iraunkor edo jasangarrian Gipuzkoak aurrera egin dezan.

Gainera, Kutxa Fundazioak zeharkako bost lehentasunetan hedatu eta indartuko du bere jarduera: jasangarritasunean; euskara eta kultura-ondarean; aniztasun, berdintasun eta feminismoan; gobernantza ireki eta lankidetzazkoan; eta pentsamendu kritikoan.

Kutxa Fundazioaren gunea Tabakaleran

Kutxa Fundazioak ikaskuntza eta inplikazio sozialeko esperientziak eskaini nahi dizkio gizarteari, ikuspegi diziplinarteko eta hibridotik aurrez aurrekoaren eta digitalaren artean, baita beste eragile batzuekiko lankidetza sustatu ere, balio partekatuko proiektuak sortuz, ikuspegi eraldatzaileagoarekin.

Horren haritik, Tabakaleran duen presentzia indartuko du, han dituen 5.600 metro koadroak birformulatuz eta egokituz Kutxa Fundazioaren gune berri bat finkatzeko, eta, bertan, modu aktiboan eta diziplinarteko ikuspegitik, kultura zientifikoa, humanistikoa eta artistikoa bultzatzeko bere konpromisoa sustatuko du, nazioartean abangoardiako zentro eta museoak egiten ari diren bezala. Aldi berean, programen irismena zabalduko du, Gipuzkoa osoan publiko gehiagorengana irits daitezen hainbat formatu eta kanalen bidez.

Gune berri honek sorkuntza artistikoko, ezagutzaren sorkuntzako edo berrikuntzako eragile eta profesionalak inplikatzea eta laguntzea aurreikusten du, eta horien eta herritarren arteko zubiak erraztea, elkarrekin Gipuzkoako erronka nagusiei aurre egin ahal izateko, iraunkortasunari eta gizarte-kohesioari lotutakoak lehenetsiz.

Horrela, erakundearen eraldaketa gaur egun dituen gune fisikoetatik harago doa. “Barne-aldaketa sakona da, kudeaketari eta antolaketari eragingo diena, bikaintasunera bideratutako eta berrikuntzan eta antolaketa-etikan oinarritutako kultura partekatua sustatuz. Aurrera egin nahi dugu antolaketa-eredu berri baterantz: gune eta ekipamenduekin lotutako dinamikak minimizatu, diziplinartekotasun eta berrikuntza-gaitasun handiagoa bultzatu, eta bizkortasun handiagoa eta erabaki-hartze argiago eta eraginkorragoa ahalbidetuko dituena”, adierazi du Aizpuruak.

Horrela, beste ekonomia- eta finantza-eredu bat ere sustatuko da, fundazioaren jardueren iraunkortasuna erraztuko duena, jarduerak kontzentratuz eta baliabideak integratuz, bere inpaktu-ereduarekin modu koherentean.

“Kutxa Fundazioak erabaki du erakundea eraldatzeko unea dela, Gipuzkoa eraldatzeko eragile gisa duen zeregina indartzeko, hots, Gipuzkoa kultuagoa, sortzaileagoa, bidezkoagoa eta jasangarriagoa izan dadin erantzunak sustatu eta laguntzeko, pentsamendu kritikoan eta konpromiso kolektiboan oinarrituta”, esanez bukatu du Ander Aizpuruak.


Informazio osoa prentsa-oharrean HEMEN

Sede Kutxa Fundazioa