Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak, Arantzazulab-ek, eta Euskal Herriko Unibertsitateak -UPV/EHU-, Mondragon Unibertsitateak zein Deustuko Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute Arantzazulab-en, laborategiaren helburuekin bat datozen esparruetan elkarlanean ikerketa kolaboratiboa egiteko eta ezagutza gune erreferente bihurtzeko.

Ekitaldia gaur goizean izan da Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Oñati), eta hitzarmena sinatu dute: Agustin Erkiziak, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako campuseko errektoreordea; Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Falkultateko dekanoa; Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko errektoreordea; eta Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendari nagusia.

Arantzazulab-en sorreratik erakundeek elkarren artean izan duten harremana sendotzen da hitzarmenarekin, eta datozen urteetarako Arantzazulab-ek proposatzen duen gune berritzailean elkarren arteko lankidetzari bide ematen zaio. Arantzazulab-en oinarrietako bat da lurraldeko unibertsitate ezberdinen elkarlana zein laborategian beraien parte-hartzea sustatzea. Hasiera-hasieratik, modu berezian egon dira inplikatuta laborategiaren bilakaeran: elkarlanean parte-hartu zuten laborategia sortzeko hausnarketan nahiz jatorrizko diseinuan, eta mugarritzat hartu daitekeen gertaera izan zen hori. Gainera, egun, hiru unibertsitateek Arantzazulab-en Aholku Batzordean ere parte-hartzen dute modu iraunkorrean.

Modu osagarrian, lankidetza hitzarmenaren babesean aurrerantzean elkarrekin egingo dituzten jarduera ezberdinak zehaztu dira, hala nola: ikerketa, berrikuntza, ezagutza sortu zein eraldatzea, sareko lana eta lankidetzazko proiektuen sustapena.


211015 Arantzazulab

211015 Arantzazulab 2