Kutxa Fundazioa aspalditxo konprometitu zen publikoki gizon eta emakumeen arteko aukera-berdintasunaren sustapenarekin, eta horrek esan nahi du gizarteko esparru guztietan eta egiten diren jarduera guztietan bermatu behar dela gizon eta emakumeek parte hartu ahal izatea. Izan ere, urtez urte, areagotu egin da emakumearen presentzia Fundazioaren jardueretan eta gehitzen jarraituko du.

Nahiz eta Kutxaren konpromisoa urte osorako izan, ekintza bereziak ere antolatu nahi izan ditu martxoaren 8aren inguruan, Emakumearen Nazioarteko Egunean.

Emakumearen eguna FB


Jarraian, Kutxa Fundazioak, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatu duen guztiaren erakusgarri txiki bat besterik ez. Dena den, esan bezala, Kutxak Genero Berdintasunarekin duen konpromisoa ez da egun batera mugatzen; urte osoko konpromisoa da, eta horrela erakusten du:

Une honetan eta datorren maiatzaren 30era arte, Kutxa Kultur Artegunea aretoan Margaret Watkins. Black Light erakusketa dago ikusgai; diChroma Photography-k ekoitzia, Historiatik goizegi desagertu zen argazkigintzako dama handi bati egindako omenaldia da. Atzera begirako honek, mundu mailan lehen aldiz Artegunean aurkezten denak, haren ibilbideko atal nagusiak hartzen ditu, eta erakusten du Watkinsek denbora-tarte laburrean, igoera distiratsua ez ezik, bere garaiari aurrea hartzeko gaitasuna ere izan zuela. Aitzindari izan zen, eta bere ibilbide profesionala modu erabat independentean egin zuen, beste emakume batzuentzat bide bat marraztuz, haren urratsei jarraitu eta aurrera egin ahal izateko gero. Erakusketa hau, dagokion katalogoarekin batera, emakume hark Argazkigintzaren Historian behar duen ikusgarritasuna eta kokapen egokia berreskuratzeko modu bat da, ukaezina baita Historia horri egin zion ekarpena.

Kubo Kutxa aretoak Marina Nuñezen Azalik gabe erakutsiko dio publikoari apirilaren 25era arte. Artista honek lehen lanetatik galdetzen dio bere buruari genero-rol eta ezarritako kanonei buruz, baita arauditik kanpo dagoenari buruz ere. Bilaketa hori hainbat formatutan gauzatzen du, hala nola pinturan, bideoetan eta 3Dko animazioetan. Azken urteotan, 3D softwarea eta efektu bereziak ditu gustukoen. Haren obran zientzia fikziozko literaturak edo zinemak, harentzako funtsezko bi inspirazio-iturriok, izan duten eragina ere antzeman daiteke.

Lehen urratsak. Donostiako Zinemaldiaren historia bisualari buruzko beste begirada batzuk (1953-1970) erakusketa Kutxa Kultur Plazan dago, Donostiako Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatuta. Berrogeita hamar urte baino gehiago dituzten 30 irudi ditu, Zinemaldiaren artxiboko argazki-funtsetik eta Kutxateka bildumatik ateratakoak. Pablo La Parra Perez komisario duen erakusketa honek, izarren irudikapen tradizionaletik harago, Zinemaldian foku mediatikotik urrun edo zinemaren historia nagusiek bazterturiko posizio profesionaletan -zuzendari, gidoilari edo langile gisa- parte hartu zuten emakumeei eskaintzen die arreta. Adibidez, Sail Ofizialean lehiatu ziren lehen hiru emakume zuzendarien -Yuliya Solntseva (1965), Tatiana Lióznova (1966) eta Judit Elek (1969)- argazkiak biltzen ditu erakusketak. Bestalde, izar (star) zinematografikoa kontsumo-gai eta lilura mediatikoaren objektu gisa eraikitzeko eta gauza bihurtzeko mekanismoak ere aztertzen ditu erakusketak. Adibide paradigmatiko gisa, Pepa Floresen eraikuntza mediatikoa, ‘Marisol’ gisa, aztertzen da erakusketan, 1960an, 12 urte besterik ez zituela, Donostian lehen aldiz agertu zenetik ondorengo urteetan izar ospetsu gisa egin zituen agerraldietaraino.

Baina ez dira Kutxako arte-aretoak emakumeei gorazarre egin nahi izan dieten bakarrak.

Kutxa Kultur Gelak programan Rosa Ayerbe historialariak martxoaren 10ean emango duen hitzaldian, De la herencia matrilineal al mayorazgo masculino, zera aztertuko du: XVIII. mendearen erdialdera, Gipuzkoako ohiturazko zuzenbidean emakumeen bidez eskualdatzen zen jaraunspen edo oinordetza Gaztela aldeko gizonezkoen maiorazkora aldatzeko prozesua. 19:30ean izango da Kutxa Kultur Plazan, doako sarrera eta edukiera mugatuarekin, beraz, sarrera gorde behar da aurrez.

Ostiralean, martxoak 12, 18:30ean, baita ere Kutxa Kultur-en, Eva García Magriñá idazlearen Mujeres de barro, infancias de cristal liburuaren aurkezpena izango dugu; sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da. Lan honen izenburu osoa Mujeres de barro, infancias de cristal; Fraisoro 1903-1985, La Casa Central de Expósitos de Guipúzcoa da, eta Fraisoroko haur- eta ama-etxearen historia jasotzen du.

Kutxa Kultur-ek Plazan zertzen duen Artistaren txokoa izeneko jarduerak hainbat artista gonbidatzen ditu aste batzuetan beren lantegiak hara eraman ditzaten; martxoaren 31ra arte han izango da Andrea Sagarzazu "AS Artist"; makillaje profesionalaren mundua hartzen duen espektro zabala aurkeztuko du, eta, beste jarduera askoren artean, body painting bat, maskara profesionalak sortzeko prozesuak, eta beldurrezko zinemarako eskuz egindako proiektuak gauzatuko ditu; aldi berean argazki profesionalen eta edertasun-arloko argazkien erakusketa jarriko du, makillajeak eskain diezagukeen guztia ezagutarazteko.

Eta Gipuzkoa Kutxa Solidarioa plataforma osatzen duten elkarteen artean, Hernaniko Amher SOS Arrazakeria Elkartearen Emagunea ekimena nabarmendu nahi genuke. Jatorri askotako emakumeentzako kulturarteko gune bat da, eta uztailaren 15era arte hamabostean behin bilduko dira Biteri Kultura Etxean.