Erakundearen ondare artistikoa bultzatzeko eta Gipuzkoako sektore artistikoari laguntzeko asmoz, bere Arte Ederren Bildumarako erosketa-programa bat abian jartzea erabaki du Kutxa Fundazioak.

Erosketa-programa hau aurten martxan jartzeko erabakia hausnarketa baten ondoren sortu da, baita, Covid-19ak eragindako egoera dela eta, krisi-une honetan Gipuzkoako arte-sareari lagundu eta baliabideak eman beharra dagoelako ere. Helburu horrekin, jardunean dauden gipuzkoar artistei zuzenduta egongo dira erosketak, genero-parekotasunaren irizpideekin.

Kutxa Fundazioaren Arte Ederren Bilduma Kutxak eta bere aurrekoek, Udal Aurrezki Kutxak eta Aurrezki Kutxa Probintzialak, osatutako bildumaren oinordekoa da. 5.500 pieza inguruz osatua, bilduma horrek euskal artea du ardatz, batez ere Gipuzkoakoa, XIX. mendearen amaieratik gaur egun arte, hau da, Erakundearen historian zehar sortutako artearen lekuko eta adierazgarri izan nahi duen bilduma da.

Erosketak egiteko, Aholku Batzorde bat eratu du Kutxa Fundazioak. Urriaren 9an bildu zen lehen aldiz, eta ibilbide egiaztatua duten eta Gipuzkoako arte-sektorea eta artistak ezagutzen dituzten adituek osatzen dute: Nekane Aramburu, Juan Pablo Huércanos, Mikel Lertxundi, Ana Salaberria eta Ane Abalde (irudian).

Prentsa-oharra


Aholku Batzordea Comisión asesora