Kutxa Fundazioaren zentroek berriz irekiko dituzte ateak datorren ekainean, Covid-19aren hedapenaren ondorioz itxita eduki ondoren. Berrirekitze eta programazio berri hau mailakatua eta mugatua izango da, agintariek COVID-19aren aurrean ezarritako arreta-neurriak betetzeko.

 

Kutxa Kultur Artegunea

Kutxa Kultur Artegunea erakusketa-aretoak ekainaren 2an irekiko ditu ateak Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez erakusketarekin. Euskal artista polifazetiko honen begirada fotografikoa ezagutzeko aukera paregabea dago, Peio Agirrek komisariatutako erakusketa honen bidez.

Erakusketa urriaren 12ra arte izango da ikusgai.

Eureka! Zientzia Museoa

Eureka! Zientzia Museoa ekainaren 1ean irekiko da honako ordutegiarekin: 10:00etatik 19:00etara astelehenetik ostiralera eta 11:00etatik 20:00etara asteburuetan.

Museoan hartuko diren segurtasun-neurriei dagokienez, sarreran ilarak antolatuko dira, segurtasun-distantzia bermatzeko lurrean seinaleztatutako segurtasun-eremuekin eta leihatilak bereizita: leihatila orokorra, lehentasunezko leihatila (Museoaren Lagunak, online salmenta, dibertsitate funtzionala dutenentzat eta 70 urtetik gorakoentzat), Planetariuma (txarteldegietan aurrez tiketa erosita) eta berriz sartzeko aukera (sarrera lortuta izanik, museotik irten eta gero berriro sartu nahi dutenentzat).

Gainera, Energia Txinpartak areto berritua, museo osoko gune erakargarrienetako bat, inauguratuko dute, eta ia hogei urtez errendimendu osoan egon ondoren, hamazazpi modulu erabat eguneratuta dituela itzuliko da. Diseinu berriak eta elektrizitatearen sekretuak ulertzeko moduak, museoaren ezaugarriari eutsiz: zientziarekin ondo pasatzea, alegia.

Kutxa Kultur

Kutxa Kultur udaz gozatzeko prest dago. Datorren ekainaren 12tik aurrera, Kutxa Kultur Gauak programak udako gauak girotuko ditu berriro, musika, dantza, antzerki, zenbait arte eszeniko eta tokiko proposamenekin Zabaltza terrazan, Tabakalerako laugarren solairuan.

Kontzertuak, dantza, antzerkia, topaketak, disko festa, dantza garaikidea, tailerrak, instagramer eta youtuberren hitzaldiak, … kalitatezko eskaintza eta oso betea Kutxa Kultur Gauak programan; aire zabaleko proposamen honek kasu guztietan “B Plana” izango du, eguraldiak laguntzen ez badu, ekitaldia Kutxa Kultur Plazan egingo baita inolako arazorik gabe.

Aforoa mugatua izango da eta sarrera gorde beharko da.

Kutxa Ekogunea

Baratze edo ortua lantzea inoiz baino gehiago estimatzen den garai honetan, Baratze Parke Sarean (BPS) partzela edo lursail bat lortzeko aukera asko ditugu.

Gaur egun, BPS sarean honako baratze-parke hauetan daude eskuragarri lursailak libre: Azpeitian, Beasainen, Elgetan, Kutxa Ekogunean, Usurbilen eta Zegaman.

Parke horietako edozeinetan lursail bat eskuratu eta autokontsumorako barazki ekologikoak ekoitzi nahi dituenak harremanetan jarri behar du zuzenean dagokion udalarekin. Kutxa Ekoguneko Baratze Parkearen kasuan, ordea, izen-ematea online egin behar da, eta epea zabalik izango da 2020ko ekainaren 30era arte.


irakurri gehiago prentsa-oharrean...

Imag APERTURAS 3x1