COVID-19aren krisiaren ondorioz, gure inguruko pertsona asko pobrezia- eta bazterketa-egoeran daude.

Kutxa Fundaziotik egoera hori arintzen lagundu nahi dugu, gaur egun krisiari larrialdiko erantzuna ematen ari diren irabazi-asmorik gabeko erakundeen 10 ekimen ekonomikoki babestuz.

Guztion artean alda dezakegu egoera hau.

 

Gipuzkoa Kutxa Solidarioa plataformaren bidez, larrialdi honetan sortu diren ekimen solidarioak ezagutuz joan gara. Txalogarria da gure gizarteak, beste behin ere, egoera ahulenean dauden pertsonekiko erakutsi duen erreakzio azkarra.

Proiektuetan positiboki baloratu dira: ekimena erakunde eskudunekin koordinatuta egotea, erantzunetan bikoiztasunak edo deskoordinazioa saihesteko; onuradunen kopuru esanguratsu batengana iristea eta hainbat eremu geografiko barne hartzea; boluntarioen inplikazioa sustatzea; inklusio-irizpideak eta genero-ikuspegia kontuan izatea.

Emandako laguntzak honako elkarte eta proiektu hauentzat izan dira:

Arrats Elkartea


Bereziki ahulak diren pertsonei lagundu nahi izan diete, konfinamendu edo itxialdiari duintasunez eutsi eta larrialdi-egoera zail honetan dituzten oinarrizko beharrei erantzun ahal izateko.

Elikagai-bankua


Krisi honen ondorioz, gure inguruko pertsona askok ezin izan dituzte elikagai oinarrizkoenak eskuratu. Hori dela eta, eginahalak egin dituzte familia askori gehien behar dutena lehenbailehen helarazteko.

Caritas


24 orduz baldintza duinetan harrera egiteko baliabidea bultzatu dute, non etxerik gabeko pertsonak egon daitezkeen konfinamendu edo itxialdian, eta prebentzio-neurri egokiak hartuta, laguntza eman diete egoera zail honetan.

Gurutze Gorria


Gipuzkoako osasun-zerbitzuak arintzen lagundu dute, arrisku-taldeak artatuz eta laguntza-sareak indartuz, eta, horrela, oinarrizko zerbitzuak erabiltzea erraztu diete pertsona guztiei.

DYA


COVID19ak jotako gaixoen lekualdatzeekin, telefono bidezko Laguntza Psikologikoko Unitatea bete-betean lanean dutela, eta sendagaiak etxez etxe entregatuz, hainbat erakunderen egoera arintzen lagundu dute.

Emaus Fundazioa


Ekonomia solidarioaren eta tokiko ekoizpenaren bidez, ekoizpen solidarioaren alde eginez eta ekoizpen-jardueraren erdigune izan diren pertsonak zainduz, maskara solidarioak egin dituzte.

Izan Fundazioa


Antsietate-gertaerak eta gaixo-berritzeak saihestu dituzte, zentroetan bizikidetza eta maila terapeutikoa mantenduz, kalitatezko zerbitzu integrala eskainiz alkohol-kontsumoak jotako gizataldeei eta horien familiei ere lagunduz.

Haurralde


Krisialdi honek gizartean eta ekonomian izan duen eragina murriztu nahi izan du elkarteak jada ahultasun-egoeran zeuden familietan; izan ere, askok enplegua galdu dute eta ondorioz diru-sarrerak murriztu zaizkie.

Nagusilan


Zilarrezko Haria programa indartu da, bakarrik dauden adinekoei telefonoz laguntzeko doako zerbitzua. Lagun egin eta entzun egin zaie, bakardadean eman beharreko orduak arintzeko modu gisa.

SOS Arrazakeria


Etxegabetasunaren barnean sartzen dira bai kalean bizi diren pertsonak eta bai, etxebizitzetan ostatu hartuta, eguneroko elikagaiak lortzeko eta oinarrizko beste behar batzuk asetzeko baliabiderik ez dutenak. Hor egin ditu bere eginahalak elkarte honek.


Prentsa-oharra

covid news naranja