Sucesión Eduardo Chillidak, Kutxa Fundazioak eta Nerea Argitaletxeak Eduardo Chillidaren eskulturen Katalogo Arrazoituaren hirugarren liburukia, Ignacio Chillidak eta Alberto Cobok zuzendua, aurkeztu dute gaur, Chillida Lekun.

Katalogo arrazoituaren hirugarren liburuki honetan artistak 1983 eta 1990 artean egindako 418 eskulturen azterketa zehatza agertzen da; hainbat material erabili zituen bere lanetan: burdina forjatua, altzairua eta Corten altzairua, hormigoia, granitoa, alabastroa, portzelana edo txamota buztina.

Pieza katalogatu bakoitzak informazio zehatza du bere material, neurri, jabe, parte hartu dueneko erakusketa nagusi eta obra bakoitzari dagokion bibliografiaz. Hori guztia dokumentu bidez egiaztatua eta argazki-erreprodukzio bat edo gehiagorekin batera.

Liburuki honetan atariko azterketa bat ere badago Renato Bocchi arkitekto eta arkitektura- eta hiri-konposizioko irakaslearen eskutik; aditu ospetsua da euskal eskultorearen lanean, eta analisi kritikoa eta eguneratua egin du artistaz, Espacio-tiempo-arquitectura según Chillida (Espazioa-denbora-arkitektura Chillidaren arabera) izenburupean.

Orain aurkezten den obra Eduardo Chillidaren eskulturaren inguruan 60 urte baino gehiagoan egindako dokumentatze- eta artxibo-lan zorrotz eta luzearen emaitza da. Askotariko galeria, enkante-etxe, museo eta eskultorearen lanean adituak kontsultatu ondoren, balio ukaezina duen dokumentazioa lortu da haren lanaren inguruan. Gainera, katalogoan sartu diren datu guztiak osatu, egiaztatu eta berretsi dira gaur egun erabil daitezkeen iturri historiografiko guztiak (besteak beste, erakusketa-katalogoak, monografiak, aldizkari espezializatuak, enkante-katalogoak eta argazki-artxiboak) erabiliz.

Liburukiak 400 orrialde baino gehiago ditu, eta ezinbesteko dokumentu-erreferentzia izango da, bai komunitate akademikoarentzat eta bai Eduardo Chillidaren lanaren komisario, bildumagile eta zaleentzat, XX. mendearen bigarren erdiko eskultore nagusietakotzat jotzen delarik.

Argitalpena, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez argitaratua Nerea argitaletxean, salgai dago herrialde osoko liburutegi nagusietan, baita ohiko beste banaketa-kanaletan ere.

Argitalpena lau liburukitako bildumaren parte da; laugarrena, azkena, bakarrik geratzen da argitaratzeko eta Eduardo Chillidaren obraren ikerketa- eta artxibo-lanean mugarri garrantzitsua den hau osatzeko. Ordena kronologikoan eta historiografikoki dokumentatuan, haren eskultura-lan guztiak biltzea da katalogo arrazoitu honen helburua.

 

Prensa-oharra

191126 Aurkezpena Catálogo Razonado Chillida III 2

Ignacio Chillida, Ander Aizpurua, Marta Casares eta Alberto Cobo aurkezpenean, Chillida Lekun