Arbide dorreek historia luzea dute. Baina beraien bizitza luzea ez da leku batean bakarrik igaro.

Donostiarrek 1904. urtean ikusi zituzten sortzen, gaur egun hiriaren erdigunea den lekuan, San Martzial kaleak, Etxaide kaleak eta Foruen Pasealekuak bat egiten duten lekuan. Dorre hauek, estilo neogotiko eta xehetasun modernistak dituzten bi jauregitxoz osatuak, Bartzelonako Sagnier arkitektoak diseinatu zituen.

Baina 1972 eta 1975 urteen artean lekuz aldatu zituzten. Rosa Zubeldiaren (antzinako jabe eta Arbideren alargunaren) oinordekoek eraikuntza-enpresa bati saldu zizkioten dorreak, eta jabe berriak botatzeko asmoa hartu zuen beste eraikin bat egiteko. Hala ere, eraikinak salbatzeko operazio bat onartu zuen Aurrezki Kutxa Munizipalak, egiaztatu ondoren egingarria zela eraikinak harriz harri lekualdatzea erakundeak Miramonen zituen lurretara.

Antzinako beste eraikin batzuk ez bezala, eraitsi eta hondakin bihurtu baitzituzten, Arbide dorreak deseraiki eta beste leku batera eraman zituzten. Zeregin aski konplexu eta zaila izan zen, pazientzia handia eskatu zuena, 6.300 harri baino gehiago desmuntatu behar izan baitziren, guztira bi mila tona baino gehiagoko pisuarekin.

Harriak zenbakitu egin ziren, gero Miramongo lorategietara bidali ziren, eta han arkitekto-talde bat, Luis Jesus Arizmendi buru zela, puzzlea berrosatzeaz arduratu zen. Emaitza akasgabea izan zen eta, batzuk kokaleku berri honen aurka dauden arren, lorategiak eremu paregabea dira arkitektura-multzo eder honetaz gozatzeko.

1979ko urriaren 11n, operazioa hasi eta bost urtera, inauguratu ziren Miramongo dorreak, jauregitxoetako bat Aranzadi Zientzia Elkartearentzat izan zelarik. Gero Kutxak eraikinaren erabilera Euskal Herriko Unibertsitateari laga zion eta gaur egun Kutxa Fundazioa bera da Arbide dorreak erabiltzen dituena.

Prentsa-oharra (word formatuan)

ozio_gallery_jgallery