Maiatzaren 18an, larunbata, Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta helburua da kontzientzia harraraztea jendeari museoak baliabide garrantzitsua direla kultura-trukerako, kulturen aberastasunerako, baita ezagutzak aurrera egin dezan, garatu eta handiagotu dadin ere. Eta Kutxa Fundazioak ere bat egin nahi izan du ospakizun-egun honekin.

2019ko Museoen Nazioarteko Eguna museoek eragile aktibo gisa beren komunitateetan betetzen dituzten eginkizun berrietan ardazten da. Museoen eginkizuna gizartean aldatzen ari da. Museoak beren burua berrasmatzen ari dira etengabe, are interaktiboagoak, bisitariengan ardaztuak, komunitatera orientatuak, malguak, moldakorrak eta mugikorrak izan daitezen. Kultura-ardatz bihurtu dira, plataforma gisa funtzionatzen dutenak, non sormena ezagutzarekin konbinatzen den eta bisitariek kosortu, partekatu eta elkarreraginean jardun dezaketen.

Eta horren adibide ona da Eureka! Zientzia Museoa, zientziaren eta teknikaren munduari buruzko jardueretan parte hartzeko ingurune suspergarria eskaini nahi baitu museoak. Zientzia-dibulgaziorako zentroa dela esan daiteke, adin guztietarako egokia, zientzia-printzipioak ulertzeko hezkuntza-programen osagarria, baita familia eta gizabanakoentzako baliabide bat ere beren aisialdirako, garapen pertsonalera zuzendua. Museoen Nazioarteko Egun hau ospatzeko Eureka! Zienztia Museaok Sarrera Libreko Eguna izango du datorren igandean, maiatzaren 19an, eta Museoa eta Planetariuma irekiko ditu doan bertaratu nahi duen edonorentzat (sarrera beharko da simulagailuetarako eta Animalia aretoa itxita izango da).

Kubo-kutxak eta Kutxa Kultur Arteguneak ere bat egingo dute nazioarteko egun honekin, baina bestela ere doako sarrera izaten dutenez, ospakizuna beste era batera egingo dute.

Alde batetik, Kubo-kutxa aretoa bere hurrengo erakusketa muntatzen ari da bete-betean: Jose Ramon Anda eskultorearen atzera begirakoa izango da, eta maiatzaren 24an irekiko da. Erakusketa hau hainbat gunetan antolatuko da, eta horietan bilduko dira eskultoreak denboran zehar egin dituen lanak. Nabarmentzekoak dira kubo eta kaxa destolestu batzuk, piezak topaketa zirkular eta kopatuen aldaerekin, obeliskoak, argiaz jolasten diren hilarriak eta zintzilikario arinak. Kubo-kutxak erakusketa honen katalogo bana zozkatuko du sare sozialetan.

Eta, bestalde, Kutxa Kultur Artegunea dago, non oraindik ere ikus daitekeen doan A Whiter Shade of Pale erakusketa, gaur egungo hiru argazkilariren obra elkartu duena, beraien lana Herbeheretako Barrokoarekin konektatzen delarik arte-tradizioaren bidez: Hellen van Meene, Carla van de Puttelaar eta Sanne De Wilde dira. Erretratua ulertzeko hiru era, eta, aldi berean, argazkigintzaren berrikuspena posmodernitatearen urteetan.

Igandean, maiatzaren 19an, Kutxa Kultur Arteguneak doako bisita gidatuak eskainiko ditu aipaturiko erakusketara, euskaraz 18:30ean eta gaztelaniaz 19:30ean, eta doako familia-tailerrak 5-12 urte arteko haurrentzat 12:00etatik 13:30era.


Eureka AteIrekiak2017 640x285jpg