Mikel Andueza saxofoi-jotzaileak, Joaquin Chacón gitarristak eta Gonzalo Tejada kontrabaxu-jotzaileak John Coltrane (1926-1967) saxofoi-jotzailearen eta, zehazkiago, haren Crescent LParen omenezko kontzertua eskainiko dute ostegunean, otsailaren 10ean, Kluban (21:00).

Hiru musikariak, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian irakasle direnak, bateriarik gabe ezohiko hirukotea osatuz agertuko dira Crescent Coltrane deitu duten topaketan, kontzertu honetan gogoratu nahi duten musikariari eta diskoari erreferentzia eginez. Hirukotearen proiektu hau inspiratu duen estatubatuarraren jatorrizko grabazioa 1964an argitaratu zen, inflexio-puntua izan zen haren obran, eta XX. mendeko funtsezko artista baten musikan arorik espiritualena ireki zuen.

Andueza Chacón Tejada Trío-ren kontzertua Kutxa Kultur, Musikene eta Jazzaldiaren arteko lankidetzari esker joan den urtarrilean hasitako zikloko bigarrena da. Kontzertuak hileko bigarren ostegunetan egiten dira Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba gunean eta hainbat eratakoak dira. Musikene arduratzen da bere irakasleen kontzertuak programatzeaz, guztiak jazzaren munduan ospe ukaezina duten famatuak direlarik, baita ikastegian bertan Masterreko ikasketa ofizialak amaitu dituzten profesional gazteen kontzertuak ere. Topaketa horiez gain, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko egungo ikasleek eskaintzen dituztenak eta irakasleek gidatutako Jam Sessions delakoak ere izaten dira, lurraldeko musikarien parte-hartzea sustatu nahirik. Jazzaldiak, bere aldetik, estatu- edo nazioarte-mailako kontzertuak programatzen ditu, Rick Margitzak joan zen urtarrilaren 13an eman zuena, adibidez.

Informazioa eta sarrerak (3/5 €)

 

Ezkerretik eskubira: Andueza, Chacón, Tejada
Andueza   Chacon   Gonzalo

 

Saxofoi klasikoan graduatua, jazz-saxofoian diplomatua eta Hezkuntzaren Psikoteknikan doktorea, Mikel Andueza nafarra estatuko auditorium garrantzitsuenetan aritu da. Hogeita hamarren bat jazz-disko baino gehiago grabatu ditu, Amusia nabarmentzen delarik horien artean. Bere jazz-jarduera zabalean Manhattan Transfer, Phill Woods, Randy Brecker, Kurt Elling, Tete Montoliu, Dick Oatts edo Pedro Iturralde artistekin aritu du. Musika klasikoan orkestra askorekin kolaboratu du eta kontzertuak eman ditu hainbat herrialdetan. Irakasle gisa eskolak eman ditu Bartzelonako Lizeoko Kontserbatorioan Taller de Músics eta L’Aula de Música Moderna i Jazz delakoetan, Madrilgo Musika Sortzailearen Eskolan, Nafarroako Goi Kontserbatorioan, eta Jazz Saxo Gradua eta Masterra ezarri ditu Musikenen.

Joaquín Chacón gitarrista eta konpositorea Madrilen jaio zen 1962an eta Madrilen eta Bartzelonan zeuden lehenengo jazz-eskoletan ikasitakoa da. John Abercrombie, Dave Liebman, Joe Henderson, Barry Harris, Bruce Forman, Richie Beirach eta Jerry Bergonzy musikariengandik jaso du prestakuntza. Neobop taldean Javier Colina eta Chano Domínguezekin elkarlanean jardundakoa, Solar-en Uffe Markussen saxofonista eta klarinete-jotzaile daniarrarekin topo egin zuen, lankidetza estua garatuz bien artean. Talde propioa osatu du, eta, aldi berean, beste hainbat talderekin lan egin eta grabatu du, beti nazioarteko artista ospetsuen ondoan, hala nola Jim Snidero, Bobby Floyd, Mike Richmond, Billy Hart, Al Foster, Kevin Hays, Keith Copeland, Ben Stivers, Pedro Ruy Blas, Perico Sambeat, Jorge Pardo, Judy Niemack, Dave Liebman, Richie Cole, Doug Raney, Kirk Macdonald, Ben Besiakov eta Ole Jacob Hystad, besteak beste.

Gonzalo Tejada (Donostia, 1960) konpositorea da, eta baxu elektrikoa eta kontrabaxua jotzen ditu. Interprete gisa jazzaren esparruan garatu du bere ibilbidea, estatuko eta atzerriko bakarlari ugariri lagunduz eta disko askotan kolaboratuz. Bere izenean bost CD argitaratu ditu: Ziklo 1 (1994), En tránsito (2000), Encore (2005), Special Trio-Tribute to Chet (2011) eta Norma Jeane Baker (2015). Konpositore gisa, obra ugari idatzi, jo eta grabatu ditu, jazz-talde eta talde klasikoetarako: hari-laukote, haize-boskote, piano- eta txirula-bikote edo ganbera-orkestrarako, baita Big-Band taldeetarako konposizioak eta moldaketak ere. Jazz-kontrabaxu eta errepertorio klasikoko irakaslea da Musikenen, eta Jazz Saileko burua ere izan da bertan. Hiru liburu idatzi eta argitaratu ditu: Charlie Parker, lenguaje y técnicas de improvisación, Técnica avanzada para el contrabajo de jazz solista eta Keep Walking.

[irakurri gehiago: prentsa-oharra...]