EGO-k, Euskal Herriko Gazte Orkestrak, bere Udako Topaketa aurkeztu du goizean, Rubén Gimeno zuzendari artistikoaren batutapean.

  • EGO Musika Hamabostaldira itzuliko da, Inaugurazio Eguneko kontzertua emateko.
  • EGOk bere topaketan programa bikoitza prestatuko du, musikari gazteek errepertorio zabal eta askotarikoarekin lan egitea ahalbidetuz.

Euskal Herriko Gazte Orkestra, EGOko kide diren 73 musikari, Euskal Autonomia Erkidegokoak eta Nafarroakoak gehienak, uztailaren 22tik abuztuaren 1era Donostian elkartuko dira, topaketa horretan zehar ondoren euskal hiriburuetako agertoki nagusietan joko duten errepertorioa lantzeko (Gasteizko Principal Antzokia, uztailaren 26an; Bilboko Euskalduna Jauregia, uztailaren 27an; Donostiako Victoria Eugenia Antzokia, uztailaren 28an; Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriuma, uztailaren 29an). Musika Hamabostaldiko Inaugurazio Egunean ere parte hartuko du EGOk, abuztuaren 1ean.

Hain berezia den 2020ko uda honetan, EGOk entzuleentzako nahiz musikari gazteen prestakuntza orkestralerako eta garapenerako balio musikal eta interes handia duten bi programa aurkeztuko ditu. Horrela, lehen maila orkestraleko irakasleekin lan egingo dute, berriki taldearen zuzendari artistiko izendatua izan den Rubén Gimenoren gidaritzapean. Orkestrako kide gazteek, besteak beste, bereziki soinuari, artikulazioari, ozentasunaren orekari… lotutako alderdiak landuko dituzte.

Topaketa honen bidez, EGOk bere proiektuan zehaztutako helburuak eta xedeak beteko ditu, hala nola prestakuntza orkestral egokia eskaintzea, gazteen garapen artistikoa nahiz giza garapena sustatzea eta mundu profesional orkestralera sartzeko zubiak sortzea. Kontzertu hauek lan eta bizikidetza zorrotz baten gailurra izango dira. Denbora horretan zehar, askotariko ekimenen bidez, gazteek ondotik zuzenean interpretatuko dituzten obrak landuko dituzte. Lan hori gauzatzeko, izen handiko irakasleekin arituko dira.

Aurten, eta lehen aldiz, udako topaketa programa musikalari dagokion jarduna osatuko duten ekimenak ere izango ditu, PASSION FOR MUSIC izenekoakKutxa Kultur-ek antolatuta EGOren lankidetzarekin. Passion For Music eztabaida foro bat da streaming bidez emango dena, eta Rubén Gimeno (EGOko zuzendari artistikoa) eta bere anaia Gustavo Gimeno (egun Torontoko Orkestra Sinfonikoko eta Luxemburgoko Orkestra Filarmonikoko zuzendari titularra eta, hainbat urtez, Amsterdamgo Concertgebouw Orkestrako tinbal bakarlaria) izango ditu protagonista.

Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) 1997an sortu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, izaera estragikoko proiektu bezala, lurraldeko musikari gazteei zuzenduta, eta hasieratik izan du BBK, Kutxa eta Vital Fundazioen babesa.


200716 EGO Aurkezpena