Onartze-epea amaituta, 116 proposamen aurkeztu dira Kutxa Kultur Musika 2020 egonaldi programan parte hartzeko deialdira, guztiak artista gipuzkoarrenak.

Aukeraturiko sei proiektuek hazteko ahalmen handia dute, eta Kutxa Kultur-etik bidean laguntzearen alde egingo dugu.

Hauek dira sei aukeratuak: Siete C, Beste Urtaroak, Indian Feathers, Lemy River, Cônvoi eta Idoia Asurmendi.

 

KutxaKulturMusika2020 FotoGeneral

Prentsa-oharra

SIETE C

2011n "Familia" diskoa argitaratu zuten modu independentean. Hainbat kontzertu eta urtebeteko atsedenaldi luzea egin ondoren, 2014an "Jóvenes en celo" izeneko EPa argitaratu zuten, soinu bizi eta elektriko gehiagorekin, baina taldea bereizten duen funtsa mantentzen. 2015ean taldekide berriak sartu ziren eta horren emaitza dira 2016ko "Buenos Vivientes" eta 2018ko “Gen nómada” EPak. “Buenos Vivientes” EPan abesti introspektiboak dira, esperientzia azido eta malenkoniatsuak kontatzen dituztenak. “Gen nómada” berriz, espiritu kritiko musikaleko zurrunbilo bat da, taldearen identifikazio zigilu akustikoak ahaztu gabe.

BESTE URTAROAK

Iker lauroba, Leire Letu, Olaia Inziarte Urbil artolak eta Llillena Susselek osatzen dute Beste Urtaroak. Ikerren orain arteko diskoetako abestiak hartu eta folk esparrura eraman dituzte, horretarako instrumentu ezberdinak erabiliz: gitarra, piano, lap-steel, ukelele, banjo, cavaquinho... Beraien asmoa da beste herrialdeetako instrumentuak gure kulturan txertatzea. Une berean urtaro ezberdinak dira munduko hainbat lekuetan, eta nolabait denak elkartu nahi dituzte beraien musikan.

INDIAN FEATHERS

Indian Feathers-eko kideek unibertsitatean ezagutu zuten elkar eta 2014an debutatu zuten “Fun” ingelesez abestuz. Gero, gaztelaniara jo zuten “45 Noches” abestuz, eta atzetik “Líneas Tangentes” etorri zen, Bartzelonan masterizatua. Areto mitikoetan, taberna eta gaztetxeetan, Fnac-en, Kutxa Kultur-en eta beste leku askotan jo dute, bai akustikoan eta bai elektrikoan. Etiketei dagokienez, Indie Punk gisa definitzen du bere burua talde honek, baina gogokoen rocka dute beronen aldaera askotan: Rock & Roll, Garage, Post-Punk edo hainbat garaitako Stoner-a.

LEMY RIVER

Lemy River, “Peachy Joke” taldeko lider eta konpositore izan zena, Bartzelona utzi eta bere taldekideekin Euskal Herrira itzuli da musika proiektu berri, bestelako eta harrigarri batekin. Hainbat estilotan mugitzen da. Pop, psikodelia eta elektronikako pintzelkada batzuk egiten ditu. Baina Lemyk dio ez daukala norabide argirik, abesti bakoitza norbanako berri bat dela eta nahi duen bezala janzten duela. Oso laster argitaratuko duten EPtik lehen gaia, “Control,” kaleratu berri dute. EPan 4 abesti daude duela bi urte grabatuak Hans Kruger-en Montreal Estudios-en Small Signs/Honoluluko Lea-ren eta “Peachy Joke”ko Bop-en laguntzaz.

CÔNVOI

Cônvoi bi musika zale amorratuk sortua da, musika-ekoizpenaren etapetako bakoitzarekin gozatzen dute; egia esateko, 2020an argitaratzeko asmoa duten mixtape osatuko duten abestiak konposatu, ekoitzi, grabatu, nahastu eta masterizatu dituzte. Polaroid post-punk talde donostiarraren parte izan ziren lehen, etapa berri honetan atzera utzi dute giro ilunen soinu bereizgarri hori, kolore gehiagoko gaiak hartu dituzte askotariko testurengatik nabarmentzen direnak, elementu elektronikoak sartu izanari esker eta uhin eklektikoago batetik igarotzen dira, non gai bakoitzak duen nortasun propioa.

IDOIA ASURMENDI

Idoia Asurmendiri musikarekiko zaletasuna familia girotik datorkio eta txikitatik hasi zen etxeko musika-instrumentuekin esperimentatzen. Aisialdia ere horretan eman du urte luzez, abesbatza ezberdinetan parte hartuz eta piano ikasketak burutuz. Bestalde, aurten hasi ditu Musikako ikasketak pedagogiako espezialitatean Musikenen. Duela urte batzuk, inguruko herrietan kontzertuak ematen hasi zen bakarlari bezala. Hasieran, euskal abestien zein kanpoko pop-rock eta soul estiloko abestien bertsioak egiten zituen bakarrik, baina orain kantuak ere konposatzen ditu eta hainbat kasutan poesia egiten duen lagun baten lanak berearekin uztartzen ditu.