Alicia Sintes, Menorcako astrofisikaria, Donostiara etorriko da azken aldiotako aurkikuntza zientifikorik harrigarrienetako bati -grabitazio-uhinen detekzioari- buruzko hitzaldi bat emateko, berak ere parte hartu duelarik aurkikuntzan. Hitzaldia, “Grabitazio-uhinak: unibertsoa esploratzen”, ekainaren 5ean izango da, arratsaldeko 18:30ean Ruiz Balerdi Aretoan, Kutxa Kultur-en (Tabakalerako 4. solairuan) Zientziakutxa hitzaldi-zikloaren barruan; zikloa kultura zientifikoaren gune bat da, Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Kutxa Fundazioak elkarlanean antolatua. Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta sarrera doakoa jarlekuak bete arte.

Sintes LIGO lankidetza zientifikoaren ikertzaile nagusia da Balear Uharteetako Unibertsitatean (Universitat de les Illes Balears, UIB), lankidetzan parte hartu duen espainiar erakunde bakarra berau, eta LIGO Kontseiluko kidea 2002tik. Nazioarteko lankidetza-proiektu handinahia da, 20 herrialdetako mila zientzialari baino gehiago daudelarik egitasmoan nahasirik. 2015ean LIGO (Laser Interferometer Gravitational-Wave Observatory) behatokiak grabitazio-uhin bat -espazio-denboraren uhindurak- detektatu zuen, bi zulo beltzen bat-egitetik etorria, milioika argi-urtetako distantziatik. Hilabeteak egiaztatzen eman ondoren, azkenean frogatu egin zen grabitazio-uhinen existentzia, Einsteinek 1915ean postulatu bezala Erlatibitatearen Teoria Orokorrean. Urtebete geroago LIGO proiektuaren hiru zientzialari aitzindarik 2017ko Fisikako Nobel Saria jaso zuten proiektuari egindako ekarpen erabakigarriengatik.

Astrofisika garai iraultzailea ari da bizitzen. Grabitazio-uhinak dira orain mezulari berriak, kosmosera leiho berria irekitzeko aukera ematen digutenak, eta bizileku dugun Unibertsoaren ulerkuntza irauli lezaketenak. Lehenengo detekziotik abiatuta, grabitazio-uhin berriak detektatu dira, neutroizko bi izarren bat-egitetik etorriak. Hitzaldi honetan lehen eskutik ezagutuko dugu zer diren grabitazio-uhinak, nola detektatu ziren, zer informazio berri dakarkiguten eta zein izan den Universitat de les Illes Balearseko (UIB) Grabitazio Fisikako Taldearen eginkizuna gaur arte iragarritako grabitazio-uhinen hamaika detekzioetan.

Alicia Sintes Fisikan doktorea da UIBren eskutik, ikertzailea izan da Alemanian Grabitazio Fisikako Max Planck Institutuan, eta Europako Espazio Agentziaren aholkulari zientifikoa. Duela gutxi eman diote, besteak beste, Ramon Llull 2017 Saria, Balear Uharteetako Gobernuarena, eta Jaume II Saria, Mallorcako Consell-arena, grabitazio-uhinen aurkikuntzagatik.

 

ZientziaKutxa AliciaSintes ZientziaKutxa AliciaSintes ondas ZientziaKutxa Alicia ondas