18 antzezlan eskainiko dira maiatzaren 21etik ekainaren 22ra arte ospatuko den Donostiako 31. Gazteen Antzerki Topaketan. 18 lan horietatik, 11 euskaraz izango dira eta 7 gaztelaniaz.

Hala, 14 eta 30 urte bitarteko 200 gazte inguru igoko dira Antzoki Zaharreko, Gazteszenako, Lugaritzeko eta Kutxa Kultur Klubeko agertokietara, eta euren obrak profesionalek bezala antzeztuko dituzte.

Topaketa Donostia Gazteriak antolatzen du, Donostia Kultura eta Kutxa Kulturren laguntzarekin, eta horren helburua da gazteria eta antzerkiaren arteko harremana sustatzea; izan ere, antzezle edota publiko izateko aukera dute emanaldietan. Era berean, gazteriaren artean kultura ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi da, baita haien sortzaile gaitasuna ere. Horrez gain, parte hartzaileen kultur ekoizpenaren berri ematen da, antolatzaileen hedapen kanalei eta espresuki topaketetarako sortutako materialei esker.

Ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango dira; eta, balorazioaz Nerea Gorriti, Esti Curiel eta Ander Azurmendi antzezleak arduratuko dira.

Sari banaketa ekainaren 22an izango da, 12:00etan, Kutxa Kultur Plazan.


Egitaraua eskuratu HEMEN