Onartze-epea amaituta, 66 proposamen aurkeztu dira Kutxa Kultur Musika 2018/19 Egonaldi programan parte hartzeko deialdira, guztiak artista gipuzkoarrenak.

Gure ustez, aukeraturiko sei proiektuek hazteko ahalmen handia dute, eta Kutxa Kultur-etik bidean laguntzearen alde egingo dugu.

Hauek dira sei aukeratuak: Sara Zozaya, Ghau, Espagueti, Ro, Raitx eta Tenpera.

 

181128KutxaKulturMusika

Eta hauek dira beraien sei aurkezpen-gutunak:

 

SARA ZOZAYA

Sara Zozaya Donostiako kantautore bat da; zenbait musika-proiektutatik igaro ondoren, adibidez, The Roof, eta gaur egun Nerabe taldeko abeslaria izanik, bere proiekturik pertsonalenak aurkezten ari da, Itxaso Navarro txelo-jotzailea lagun duela.

Ángel Stanich edo Señores handien ekitaldietan hasierako gonbidatu gisa jardun ondoren, donostiarra betidanik dabil musikan. Abenduan aterako du beren lehenengo EPko lehenengo singlea, non hainbat musikarik kolaboratzen duten.


GHAU

2018an sortutako proiektua da GHAU. Musikagintzan ibilbide luzea dugun pertsona sorta bat gara, artearen aniztasuna defendatu eta diziplina ezberdinen nahasketa bat burutu nahi duena. Musika oinarri eta helburu, baina sormenak beste mila espresio izan ditzakeela sinetsita, ahal de neurrian, itzaletik-edo lan egin nahi dugu, ahal den anonimotasun handienetik. Zergatik? Sormena lehenetsi eta esan nahi dugunaren indarra azpimarratzeko. Horretarako, musika izango da tresna nagusia, baina baita honen inguruan sortutako beste espresio bideak ere, izan diseinu, argazkigintza, bideogintza, poesia, ilustrazioa, etab...

GHAU ez da ohiko musika talde bat, eta berezitasun hori defendatu nahi dugu.


ESPAGUETI

Zenbait taldetan esperientzia hartutako lau kidek osatzen dute Espagueti eta hamarkada bat baino gehiago da era birtualean existitzen dela talde hau. Hala ere, 2014ra arte ez zen gauzatu ideia hau, gaur egun bizirik mantentzen dutena Alejo, Asier, Ion Mikel eta Damianek. Pop freskoa. Letra dibertigarriak. Ohar autobiografikoak nobela merkearekin nahastuta. “Parapapapak” eta melodia itsasgarriak. Energia handiko lehergailua.

2015etik 2017ra hiru EP grabatu zituzten. Gaur egun laugarren grabazioa prestatzen ari dira. Laster ikusiko dute argia gai berriek. Espagueti egoera puruan. Al dente: dibertigarria, zuzena eta freskagarria.


RO

Ro orain dela urte bete sortu zuten Azkoitia eta Azpeitiako 5 pertsonek. Urtebetez lokalean sartuta egon ondoren, 4 kanta argitaratu dituzte. Lehenengo, Ilhunbean Esan - Egina, bi zatitan banatutako kanta luze bat argitaratu zuten. Ondoren, beste bi kanta grabatu eta horietako batekin bideoklip bat argitaratu zuten. Bitartean, kontzertuak ematen dabiltza eta laister Durangoko Ahotsenean eta Toundra madrilgo taldearekin joko dute.


RAITX

Rakel beti izan zen soinujole, baina gitarra hartu zuen idazten zuenari modu erraz batean laguntzeko beharragatik. Beraz, 2017ko martxoan, Raitx-ek bere ibilbidea hasi zuen gitarrarekin eta une anarkiko pertsonaletan inprobisaturiko olerkiz beteriko koaderno batekin.

Hasteko, lehen kontzertua Bakarrik Hobeto Fest-en konfiantza pean eman zuen. Donostian zenbait kontzertu egin ditu, batez ere Musikagela proiektuaren laguntzaz, eta bere musika-maitasuna eta esperientzia Koban taldearekin handiagotu ditu. Proiektu hau hurrengo maila batera eraman nahi dute eta talde txiki bat sortu bateria, baxu, gitarra eta zenbait ahotsekin.

Raitx-ek orain arte egun bateko abestiak ondu ditu, in situ eginak, une berean eta atzerapen gehiagorik gabe. Orain, Raitx-ek talentu hau landu nahi du eta musika-eskaintza zintzo bihurtu, letra ahaltsu eta konpasa galdutako erritmoekin, soinu sintetiko eta berezkoekin, kantautore-musikak guk orain arte entzun gabeko forma har dezan.


TENPERA

Tenpera Donostiako 18-20 urte bitarteko hiru gazteek osatzen dute. Estilo aldetik Rock alternatiboa jotzen dute 90 hamarkadako influentziarekin, noise-rock edota punk arloan murgilduta. Duela urte bat hasi zuten proiektua eta harrezkeroztik Donostiko areto ezagunenetan jo dute, Dabadaban, Kutxa Kultur Kluban (Tabakalera), Intxaurrondoko kulturetxean... Aipatzekoa ere, Donostia inguruko festibaletan eduki duten parte hartzea: aurtengo Donostia Festibalean eta Irun Zuzenean festibalean adibidez.

2017ko azaroan bi abestiz osatutako lehenengo EP-a atera zuten, eta laister lau abestiz osaturiko bigarren EP bat aterako dute Corsarios estudiosen grabatuta, Lolo Ruiz-ekin.