Hamazazpi euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuarekin, lankidetza-hitzarmen berri bat sinatuz, eta, hala, ekimenaren helburuekiko konpromisoa berretsiko dute: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Helburu horiek kontuan hartuta, erakundeek indarrak batu dituzte Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta (otsailaren 11n ospatzen da urtero) elkarrekin egingo diren jardueren programa antolatzeko.

Gaur goizean sinatu dute urtez urte handituz doan proiektuaren lankidetza-akordioa. Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. ediziorako akordioa sinatu duten 17 erakundeak zientzia eta teknologiaren sarearen erakusleiho garrantzitsuak dira Euskadin. Batasun hori Emakumeak Zientzian jendea biltzeko bokazioarekin jaiotako proiektua delako izan da posible; ateak zabalik izanda eta elkarrekin hobeak garela argi duena.

Hala, 2022rako, Emakumeak Zientzian proiektua antolatzen duten erakundeak hauek dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.

Hitzarmena sinatuta, erakunde antolatzaileak, zientziaren eta teknologiaren arloko dozenaka profesionalen (ikertzaileak, unibertsitateko irakasleak, ingeniariak etab.) inplikazioari eta dedikazioari esker, programa zabal bat diseinatzen hasiko dira, era askotako jarduerekin, ‘zientzia bada nesken kontua’ mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko.


211015 Emakumeak Zientzian

EmakumeakZientzian banner