Konfinamendu edo itxialdiaren garaian, Kutxa Fundazioak eta Donostia Physics Center-ek (DIPC) elkarlanean antolatutako ZientziaKutxa hitzaldi-zikloak bere jardueraren zati bati berrekingo dio modu birtualean, eta maiatzean beste bi dibulgazio-hitzaldi eskainiko ditu online, bertako bi ikertzaile ospetsuren eskutik: Paola Ferrario eta Ion Errea.

Hitzaldien online zabalkundeari esker, kultura zientifikoa partekatzen jarraituko dugu eta zientzia zaleek etxetik zuzenean jarraitu ahal izango dute gozatzen. Gainera, hizlariei galderak egiten ahalko zaizkie.

Zikloak gaur egungo zenbait gai zientifiko jorratzen ditu -robotika humanoidea, klima-aldaketa edo ingeniaritza genetikoa-, eta gure inguruan garatzen den bikaintasun-zientzia ikusarazten du, gaztelaniazko eta euskarazko hitzaldiekin.

 

Programa

<< Lehenengo online hitzordua maiatzaren 7an izango da: Paola Ferrario fisikari eta DIPCeko Ikerbasque ikertzaileak Neutrinos e imagen médica: la extraña pareja hitzaldia emango du.

Hitzaldia gaztelaniaz izango da eta naturako partikula iheskorrenaren, neutrinoaren, azterketan oinarrituko da; unibertsoaren existentzia ulertzeko interesagatik, PET (Positroi Emisio bidezko Tomografia) eskanerretarako teknologia berri bat garatzera eraman duena.

<< Maiatzaren 29an Ion Errea fisikari donostiarrak Supereroankortasuna, markak hausten hitzaldia emango du.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Materialen Fisika Zentroko (CFM – CSIC-UPV/EHU) ikertzaile eta irakasle hau DIPCeko kidea da, eta supereroaleetan aditua den aldetik, jakintza-arlo honen erronka handian lan egiten du: supereroaleak giro-tenperaturan lortzea. Azken urteotan ulertu da hidrogeno-konposatuetan posible dela supereroaleak lortzea ia giro-tenperaturetan, baina presio oso-oso altuetan. Ezagutza horretan aurrera egiteko, materialen propietateen azterketa teorikoa eta kalkulu-gaitasuna ezinbestekoak dira.

Hitzaldira sarbidea

Hitzaldia modu birtualean emango da DIPCen Webinar aretoan: tiny.cc/Zientziakutxa. DIPC-ren webgunearen bitartez ere sartu ahal izango da.
Gainera, hizlariei galderak egiten ahalko zaizkie.

Prentsa-oharra


Paola Ferrario eta Ion Errea
ZientziaKutxaPaola Ferrario   DIPC Ion Errea