Otsailaren 11n Emakumearen eta Neskatoaren Nazioarteko Eguna Zientzian ospatzeko, Eureka! Zientzia Museoak erakusketa bat eta hitzaldi bat antolatu ditu Idoia Ochoa ingeniariaren eskutik.

Emakumea Zientzian erakusketak otsailaren 8tik 23ra ikusgai egongo da. Zientziaren munduan garrantzitsuak izan diren hainbat emakumeren historia ezagutzeko aukera ematen digu, animaziozko panel eta bideoen bidez.

Gainera, erakusketa bisitatzen dutenek on line lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango dute, erakusketan eskuragarri dagoen QR kodearen bidez. Sei galdera erantzun beharko dituzte, eta asmatzaileen artean urteko txartel familiar bat zozketatuko da.

Idoia Ochoa doktorearen hitzaldia, DNAren sekuentziaziorako hastapenak eta etorkizuneko erronkak izenburupean, otsailaren 15ean izango da, 18:00etan, Museoan bertan.

Bertan, DNA sekuentziatzeak zer esan nahi duen, zer datu lortzen diren eta datu erabakigarriak lortzeko egiten den analisia azalduko ditu. Sortzen diren artxiboak, arazoak eta horiek konpontzeko eta datu horiek biltegiratzeko eta aztertzeko zer egiten ari diren ere azalduko du.

Mota guztietako jendearentzat da. Doakoa da, eta aldez aurretik izena eman behar da Museoaren webgunean, leku kopurua mugatua baita.

Idoia Ochoa

Idoia Ochoak, duela gutxi “MIT Innovators Under 35 Award” saria jaso duenak, gaur egun TECNUNen (Nafarroako Unibertsitateko ingeniari-eskola) ingeniaria eta irakaslea da, eta ingeniaritza elektrikoko masterra eta doktoretza lortu ditu Stanford, Kalifornian. Ikerketa biologia konputazionalean eta bioinformatikan oinarritzen da, seinaleak prozesatzeko teknikak, informazioaren teoria eta macharning teknikak aplikatuz.

Idoia ere datu genomikoak irudikatzeko formatu berri bat garatzen ari den aditu-taldeko kidea da, ISO (International Standardization Organization) erakundearen babespean.

Prentsa-oharra


Eureka! Zientzia Museoa

T- 943 012 478  ¦  Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. ¦ www.eurekamuseoa.eus

 

IdoiaOchoa

Idoia Ochoa doktorea