Aurten parte hartzen duten bi belaunaldiek, Sortzen eta Hazten, naturan murgiltzeko lehen irteerak egin dituzte.
Bihotz Berdeak programa abian da bigarren urtez jarraian. Aurtengo nobedade nagusia da Bihotz Berdeak taldeko bi belaunaldi ari direla parte hartzen. Batetik, HAZTEN, Bihotz Berdeak programan bigarren urtez hartzen duen taldea, programazio eta eduki berriarekin; bestetik, SORTZEN, programa lehen aldiz hasten duen talde berria.
Bihotz Berdeak SORTZEN taldearen lehen irteera urriaren 2an izan zen. Irteera horretan, Unai Fernandes Agirre Aranzadiko mikologiako adituarekin batera, onddoen mundua aztertu zuten Artikutzako Parke Naturalean (Donostia). Perretxikoak ezagunak ditugun arren, kontutan izan behar dugu onddoak fruituak direla eta onddoa, izaki biziduna, gugandik zentimetro gutxitara lurpean dugula, hifa deritzon egitura luzangekin inguruko elikagaiak xurgatzen. Onddo hauek bilatuz, beren bizi eremuak aztertuz eta berauek bildumatu eta identifikatzen igaro zuten goiza.
Bihotz Berdeak HAZTEN taldeak, berriz, bi jarduerekin hasi zuen programa. Lehena, irailaren 30ean, gaueko irteera bat izan zen Salburuako (Gasteiz) hezegunera, oreinen ugalketa sasoian bete betean, hauen marrualdia eta borrokak behatzera.
Bigarren saioa, urriaren 23an, Kutxa Ekoguneko (Donostia) Baratze Parkean egin zen, Idoia Lizeaga lore-sortzailearekin batera. Berarekin Land Art teknikan edo natura artean hastapenak egin zituzten. Teknika honekin, gazteek beren ingurua esploratu zuten, bereizgarri egiten zitzaizkien elementu naturalak bildu zituzten eta kaxetan sartuz, inguruneak eskaintzen zuen istorio bat kontatzen zen bilduma bat osatu zuten.
![]() |
![]() |
![]() |