Reale Arenatik Gipuzkoako Baratzetara estadioko pipa azalak bildu eta Gipuzkoako lurrerako ongarri bihurtzeko proiektua da. Pipa azalak konpostatze prozesuan egituratzaile gisa erabili dira, eta konposta Kutxa Ekoguneko baratzetara bota ondoren, pipa azalak Gipuzkoako 6 herritako Baratze Parkeetara iritsiko dira zikloa itxiz.

2019-2020 denboraldian 2 tona pipa azal bildu ziren Reale Arenako harmailetan partiduz partidu, eta ia urtebeteko ontze prozesuaren ondoren kalitatezko konposta bildu eta baratzak ongarritu ditugu. Lehen uzta jaso dugu Kutxa Ekoguneko baratzeetan eta oso emankorra izan da. 

Lehen pausoa pipa azalak konposta lortzeko prozesuan egituratzaile moduan erabiltzean konpostaren eta lurraren ezaugarriak egokiak direla aztertzea izan zen, ez bait zegoen aurretiko esperientziarik. Froga Kutxa Ekoguneko konpost gunean egin zen. Analisiek baieztatu egin zuten pipa azalen erabileraren egokitasuna eta hala proiektua Gipuzkoako Baratze Parke Sarera zabalduko da gaurtik aurrera. 6 izango dira parte hartuko duten Baratzekide elkarteak: Irun, Ordizia, Legorreta, Zumarraga, Zumaia eta Kutxa Ekogunea.

Herri bakoitzeko baratzakideei Txurdin-ek harmailetan pipa azalak bildu dituzten zaletuen izenean egin die entrega birtuala. Pipa azalak datozen hilabeteetan baratzekideek euren konpost piletan egituratzaile moduan erabiliko dute eta datorren urtean konpost hori lurrera bota hura aberastuz. 

Reale Arenatik Gipuzkoako Baratzetara ekimena Real Sociedad Fundazioak eta Kutxa Ekoguneak gauzatzen dute, Ekotrade enpresaren patrozinioarekin. Espacios Intermedios diseinu agentziaren ideiatik garatua.

Real Sociedad Fundazioak eta Kutxa Ekoguneak azpimarratu nahi dute zaletuen aldetik egindako esfortzua eta hartutako kontzientzia gabe guzti hau ez dela posible. Orain berriz zikloa ixtea Gipuzkoako Baratze Parkeko kideei esker lortuko da; denok parte hartzen dugunean errazagoa da aldaketak lortzea.

Ekimen honekin, Errealak bere erantzukizun soziala eta pertsonekiko ardura eta bere ingurukoekiko konpromisoa betetzen ditu. Futbola ingurumenarekiko jarrera iraunkorragoak bultzatzeko eta areagotze bide onena izan daiteke.

Era berean, Kutxa Ekoguneak etorkizun jasangarriago bat lortzeko gizartea kontzientziaziotik ekintzara igarotzeko bidea errazten du.

Prentsa-oharra