Pasa den ostegunean, abenduak 4, jokatu zen Eibarko Coliseoan Debabarreneko Euskararen Ginkanaren finala.

Euskararen Ginkana, euskararekin eta euskaraz dibertitzeko lehiaketa da eta Debabarreneko lehenengo edizio hau, Deba, Eibar, Elgoibar, Mutriku eta Soraluzeko udalen babesarekin burutu da eta Euskaltzaleen Topagunea aritu da koordinazio lanetan, Kutxa Ekogunearekin batera. 21 ikastetxe edo taldek hartu dute parte, guztira, DBH4ko 130 ikasle inguru. Internet bidez burutu zituzten 4 proba lehenengo fasean eta fase horretan puntu gehien lortu zituzten 4 taldeak pasa dira finalera.

Finalari hasiera eman aurretik, atzokoan, berdinketa hausteko proba bat gainditu behar izan zuten, 4. postura berdinduta iritsi ziren Debako Sonakay eta Eibarko Urki taldeek eta Debako Sonakay taldea sailkatu zen finalerako.

Finala girotzeko eta taldekideak animatzeko, talde finalista guztietako gelakideak edota laguntzaileak izan ziren bertan, aretoa goraino beteaz eta beraien lana ondo baino hobeto eginaz.

Finala hasita, 4 proba burutu behar izan zituzten taldeek. Lehiaketaren 1. fasean, hizkuntza-ekologiaren eta hizkuntza aniztasunaren inguruan landu zituzten hainbat gairekin zerikusia zuten probak izan ziren. Horrela joan ziren puntuak irabazten. Amaieran, talde bakoitzak eskuratutako puntuak zenbatuta, Soraluzeko Soragarriak taldea izan zen aurtengo irabazlea; 800€ eskuratu zituen ikas-bidaiarako. Beste hiru taldeak puntutan berdinduta geratu zirenez, 2. saria (200€) eta 3. eta 4. sariak (100€ko bi bono Eibarko merkataritza guneko dendetan gastatzeko) denen artean banatzea erabaki zen.


EuskararenGinganaDebabarrena2019 Irabazleak

Soraluzeko Soragarriak, Debabarreneko Euskararen Ginkanaren talde irabazlea