Abenduaren 14an hasi eta urtarrilaren 13ra arte Jostailu Trukegunea jarriko du martxan Kutxa Ekoguneak.

Egitasmo honen helburua haurrek gabonetan opari moduan jasotzen dituzten jolasak berrerabiliak izateko aukera erraztea da. Era honetan, objektuei bizi berri bat emateko modua da, jostailuak norbere familiari asko eman ondoren beste haur batzuei oraindik ere beste horrenbeste eskaini dezaketen altxor txikiak izan daitezke. Gainera, haurrei trukean oinarritutako esperientzia zoragarri bat eskaintzen zaie, eman eta jasotzea biak gozagarri direla sentiaraziz eta gauzen “berri” izate horri garrantzia kenduz.

Ekogunean hirugarren urtez antolatzen den ekimena da, geroz eta erabiltzaile gehiago dituena. Lehengo urtean 300 truke esperientziatik gora izan zirela kalkulatzen dugu gutxi gora behera, eta kopuru hauek mantendu edo handitzea espero dugu aurten. 

Trukegune honetan, jostailuak era librean utzi eta jaso daitezke, tarteko ordainketarik gabe. Betiere uzten dena hura erabiltzeko egoera onean dagoela ziurtatuz eta jasotakoa, utzitako gure seme alaben jostailuak erabiltzen genituen bezala tratatzeko konpromisoz. Egoera onean, baina erabiltzen ez diren jostailuak, musika tresnak, liburuak, irristailuak... ekarri daitezke eta besteengatik trukatu.

Aurten mezu bat nabarmendu nahiko genuke: Haurrek poz handia hartzen dute beraiek ekarritakoa beste norbaitek jaso duela ikusitakoan. Hortaz, izan daitezela momentuan partaide aktiboak.

Trukegunea, edozein ordutan edonorentzat zabalik.

Etorkizun ekologiko eta parekide baten alde!

JostailuTrukegunea