Kutxa Fundazioa-Gordailua bekaren deialdirako oinarriak, Arte Ederren eta Kultura Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberritze arloan bikaintasunean prestatzeko jasangarritasunaren ikuspegitik
Oinarriak deskargatu (pdf-an)
Eskatzeko epea: 2022ko maiatzaren 2tik (9:00etan) maiatzaren 22ra arte (14:00etan).
Aurkezpena eta prentsa-oharra
01 Bekaren xedea
Kutxa Fundazioa – Gordailua beka Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da, Gipuzkoako kultura-ondarearen kontserbazioa, ikerketa, berrikuntza eta sozializazioa sustatzeko helburuarekin.
Kutxa Fundazioa-Gordailua beka honen helburua kontserbazio eta zaharberritzearen arloan prestakuntzan laguntzea eta ikerketa sustatzea da, eta, bereziki, arte ederrei eta beste kultura-ondasun batzuei buruzko kontserbazio- eta zaharberritze-jardunbideetan parametro jasangarriak ezartzen laguntzea. Horretarako, bi erakundeak elkarlanean arituko dira Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroarekin, Europa mailan kultura-ondasunen kontserbazioan erreferentea den zentroarekin.
Beka honetan garatu beharreko proiektuak ezarritako hiru ildo estrategikoren barruan gauzatu ahal izango dira:
- Kultura-ondasunak garraiatu, biltegiratu eta erakusteko egokitu edo prestatzeari aplikatutako jasangarritasuna.
- Obrak kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku-hartzeetan material eta ekintza jasangarriagoak ikertzea.
- Artelanen kontserbazioaren kudeaketa jasangarrian berrikuntza.
Beka hiru hilabeteko egonaldiarekin hasiko da Gordailuan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroan (Irun), zentroa eta haren lan-ildoa ezagutzeko, eta egingo den proiektua zehaztuko da bertan; ondoren, 180 eguneko egonaldia Suitzako Museo Nazionalak Affoltern am Albis-en duen Bildumen Zentroan; eta amaitzeko, 10 hilabeteko egonaldia Gordailuan, non lortutako ezaupideak aplikatuko zaizkion proiektu jakin bati, betiere Gordailuak dituen arazo edo premiei heltzen badie Arte Ederren eta beste kultura-objektu batzuen kontserbazio eta zaharberritzearen inguruan ikuspegi jasangarritik. Proiektu honen gaia bekadunaren, Kutxa Fundazioaren eta Gordailuaren artean adostuko da.
Bekaren epea amaitu ondoren, bekadunak memoria batean jaso beharko du proiektua, eta memoria hori Kutxa Fundazioari eta Gordailuari emango die, eta horiek, berriz, kopia bat bidaliko dute Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentrora (Affoltern am Albis).
Bekaren onuradunak arduradun bat edo gehiago izango ditu bai Gordailuan eta bai Affoltern am Albiseko zentroan, eta arduradun horiek tutorizatuko diote lana bekaren iraunaldiko hilabeteetan.
02 Hautagaien betekizunak
a) Gipuzkoarekiko lotura
- Azken hamar urteetan gutxienez bi urtez bizi izana Gipuzkoako edozein udalerritan.
- Europar Batasuneko edo Merkataritza Askearen Europako Elkarteko kide den estatu bateko nazionalitatea izatea.
b) Prestakuntza
- Honako unibertsitate-titulazio hauetakoren bat izatea: Kultura Ondasunen Kontserbazio eta Zaharberrikuntzako Unibertsitate Gradua, Arte Ederretako Lizentziatura, Kontserbazio eta Zaharberrikuntzako espezialitatea edo curriculum-ibilbidea, Kontserbazio eta Zaharberrikuntzako Goi Eskolako Diplomatura.
- Kontserbazio eta Zaharberrikuntzako hirugarren zikloko ikasketak. Baliozkotzat joko da, baldin eta eskatzaileak behin betiko esleipena egin aurretik amaitutako ziurtagiria aurkezten badu.
- Bigarren edo hirugarren zikloko beste titulu batzuk baliozkoak izango dira, baldin eta hautagaiaren lanbide-karrera Kontserbazio eta Zaharberrikuntzara bideratu bada.
- Europar Batasuneko edozein herrialdetan lortutako unibertsitate-tituluak balioko du.
c) Hizkuntzak
Ingelesa: C1. maila. Maila-proba egingo zaie hautagaiei.
Hauen ezagutza ere baloratuko da:
- Euskara
- Frantsesa
- Alemana
d) Kutxabank S.A.n banku-kontu bat izatea, bekaren onuradunak jasoko duen zenbatekoa sartzeko.
03 Diru-kopurua eta ordainketa
Bekaren zenbateko osoan Kutxa Fundazioak emandako 30.000 euro eta Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroak emandako 12.000 franko sartzen dira. Kutxa Fundazioak finantzatutako zatia 3 epetan ordainduko da:
1/ % 40, beka sinatu ondoren.
2/ % 50, 2023ko uztailean.
3/ Gainerako % 10a, 2024ko irailean memoria entregatzen denean.
Zenbateko horiei unean-unean indarrean dauden legezko deskontuak eta atxikipenak aplikatuko zaizkie.
Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroak finantzatutako zatia hilean 2.000 franko suitzarreko ordainketen bidez emango da Suitzako egonaldiak iraun bitartean.
Kutxa Fundazioak istripu-aseguru bat kontratatuko du bekadunaren alde, gerta daitezkeen kontingentziak estaltzeko, baita erantzukizun zibileko aseguru bat ere gauzei edo pertsonei eragin diezazkiekeen kalteak estaltzeko, hori guztia programak irauten duen bitartean.
Programan parte hartzeak ez dakar inolako lan-harremanik beka-onuradunen eta Kutxa Fundazioaren, Gordailuaren edo Suitzako Museo Nazionalaren artean. Ondorioz, alderdien arteko akordio pribatu baten bidez eratu edo antolatuko da harremana.
Beka zuzena, zatiezina eta besterenezina izango da.
04 Izangaiek aurkeztu beharreko eskaera eta dokumentazioa
Eskaera Kutxa Fundazioaren deialdien atariaren bidez egingo da, plataforman erregistratu ondoren, eta dagozkion datu eta egiaztagiri guztiak aurkeztuko dira. Atarian sartu ahal izango da Kutxa Fundazioaren webgunearen bidez (www.kutxa.eus), "Deialdiak" atalean.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa honako hau izango da:
- Formularioa bete HEMEN.
- Nortasuna egiaztatzen duen agiria (NAN edo antzekoa).
- Gipuzkoako Lurralde Historikoa osatzen duten udalerrietako edozeinetan, azken hamar urteetan gutxienez bi urtez, administrazio-auzotasuna egiaztatzen duen ziurtagiria.
- Zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.
- Kutxabank S.A.ko kontu korronte baten titulartasuna ziurtatzen duen agiria, eskatzailearen izenean.
- Curriculum Vitae.
- Eskatutako titulazioen ziurtagiri akademikoa (bigarren eta hirugarren zikloak).
- Espediente akademikoa, batez besteko nota berariaz adierazita.
- Garrantzitsutzat jotzen diren titulazioak (ikasketak, hizkuntzak, etab.) egiaztatzeko dokumentazioa.
- Motibazio-gutuna (2-3 orrialde), gaiarekiko interesa eta orain arteko ezaupideak azalduz..
Irudi edo PDF formatuko dokumentuak baino ez dira onartzen.
Ez da onartuko dokumentazio osoa aurkezten ez duen espedienterik.
05 Aurkezteko epea
Beka eskatzeko epea 2022ko maiatzaren 2an hasiko da, 9:00etan, eta 2022ko maiatzaren 22an amaituko da, 14:00etan.
06 Bekaren iraupena
Beka hiru egonalditan banatuko da:
- 2022ko irailaren 15etik abenduaren 15era Gordailuan. Funtzionamendua eta lan-ildoak ezagutzeko eta, horrela, bekaren xede den proiektua testuinguruan kokatu ahal izateko denboraldia.
- 2023ko urtarrilaren 9tik uztailaren 7ra, egonaldia Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroan (Affoltern am Albis).
- 2023ko irailaren 18tik 2024ko uztailaren 18ra Gordailuan. Berariazko proiektu bat abian jartzeko denboraldia.
07 Epamahaia eta balorazioa
Hautaketa egiteko, epaimahai bat izendatuko da, hiru erakundeetako ordezkariek eta ondarearen kontserbazioaren arloko adituek osatua. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da
Epaimahaikideak:
- Kutxa Fundazioaren ordezkari bat.
- Gordailuaren ordezkari bat.
- Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroaren ordezkari bat.
- Kanpoko aditu bat.
Onartutako eskaerak ebaluatuko ditu eta eskaeren hiru alderdi baloratuko ditu epaimahaiak:
- Curriculuma eta meritu akademikoak.
- Motibazio-gutuna.
- Elkarrizketa pertsonala.
Honako baremo honi jarraituko zaio 100 punturi buruz:
- Curriculumaren eta merezimendu akademikoen balorazioa – 30 puntu
-Prestakuntza:
Espediente akademikoa – 5 puntu
Gradu eta masterreko ikasketen egokitasuna bekaren xedearekiko – 10 puntu
-Ikerketa-esperientza – 10 puntu
-Antzeko ezaugarriak dituzten beste zentro batzuetan esperientzia – 5 puntu - Motibazio-gutunaren balorazioa – 30 puntu
-Interesen egokitasuna bekaren xedearekiko – 15 puntu
-Espezializazio-arloaren ezagutza – 10 puntu
-Egituraren eta azalpenaren kalitatea – 5 puntu - Elkarrizketa pertsonala – 40 puntu
-Interesen egokitasuna bekaren xedearekiko – 10 puntu
-Espezializazio-arloaren ezagutza – 10 puntu
-Ekimena eta autonomia – 10 puntu
-Azalpenean kalitatea – 10 puntu
08 Ebazpena eta komunikazioa
Ebazpena, baiezkoa nahiz ezezkoa, eskatzaileei jakinaraziko zaie, 2022ko ekainetik uztailera bitartean, modu telematikoan. Jakinarazpena egiten zaionetik 15 egun naturaleko epea izango du onuradunak esleipena onartuz erantzuteko. Epe hori erantzunik gabe igarotzen bada, puntuaziorik onena duen hurrengo pertsonari esleituko zaio beka.
Beka onartzeak esan nahi du bekaren titularrak espresuki onartzen dituela Kutxa Fundazioak, Gordailuak eta Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroak oinarri hauetan adierazitako baldintzei buruz har ditzaketen erabakiak.
Bekaren onuradunak hitzarmena sinatuko du bekan laguntzen duten erakundeekin.
09 Onuradunen betebeharrak
- Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentrora eta Gordailura joatea, ezarritako epe eta ordutegietan.
- Bekaren esparruan zehaztutako eginkizunak eta bekaren helburua betetzeko beharrezkoak diren jarduerak betetzea.
- Prestakuntza-lanetan bertaratzeari eta parte hartzeari buruzko arauak betetzea.
- Konfidentzialtasun-konpromisoa sinatzea dagokien erakundeekin.
- Lanean ezinbestean eta berehala bete behar diren segurtasun- eta higiene-arauak kontuan izatea.
- Proiektuaren amaierako memoria aurkeztea 2024ko iraila baino lehen.
Proiektuaren jabetza egileena izango da, baina Kutxa Fundazioak, Gordailuak eta Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroak lehentasunezko eskubidea izango dute proiektua argitaratzeko. Bekadunak beka ematen duten erakundeei lagako dizkie epe mugarik, lurralde-mugarik eta izaera esklusiborik gabe, aurkeztutako proiektuaren gainean argitaratzeko dagozkion ustiapen-eskubide guztiak, eta, bereziki, erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikoko eskubideak, ahalmena emanez paperean nahiz formatu elektronikoan editatzeko eta Internet bidez zabaltzeko.
Bekadunak proiektuaren zati bat edo proiektua osorik argitaratzen badu, bekaren aipamena egin beharko du proiektuaren argitalpen edo azalpenarekin batera.
Hiru erakundeek, bereizi gabe, proiektuaren argitalpen osoa edo partziala egiteko eskubidea izango dute edozein dela ere haren izaera, egileei aldez aurretik iragarriz eskubide hori erabiliko dutela. Halaber, nork bere egoitzan, proiektua jendearen eskura jartzeko eskubidea gordetzen dute.
10 Beka suntsiarazteko eta bekari uko egiteko arrazoiak
Emandako beka ezeztatzeko edo bekaz baliatzeko aldia eteteko arrazoiak honako hauek izango dira:
- Beka lortu izana horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, edo aitorpen edo adierazpen faltsuak edo iruzurrezkoak egin izana beka lortzeko.
- Deialdi honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
- Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroan eta Gordailuan esleitutako zereginak edo hartutako konpromisoak, bekaren hitzarmenean jasoak, ez betetzea.
Arrazoi horietakoren batengatik ezeztatzeak kobrantza-eskubidea iraungitzea ekarriko du, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira.
Bekari uko egitea justifikatu egin beharko da eta idatziz egin; ondorioz, beka amaitu arte geratzen den denboraldirako kenduko da, eta, hala badagokio, bidegabe jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira.
11 Datu pertsonalak babestea
Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2016/679 Araudian (EB) -2016ko apirilaren 27koan, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari lotuta pertsona fisikoak babesteari buruzkoan- xedatutakoaren arabera, jakinarazten dizugu zuk emandako datu pertsonalek guztiz isilpeko tratamendua izango dutela Kutxa Fundazioaren, Kutxagestion Zerbitzuak, S.L.U.ren eta Fundación Bancaria Kutxa–Kutxa Banku Fundazioaren (aurrerantzean Kutxa Taldea) erantzukizunpean, bekaren izapidetze-prozesuan parte hartzeko helburuaz.
Aurrekoari dagokionez, jakinarazten da Kutxa Taldeak erakunde publikoei eta beharrezko laguntzaile gisa jarduten duten erakundeei (Gordailuari eta Suitzako Museo Nazionaleko Bildumen Zentroari) jakinarazi beharko dizkiela emandako datuak, bekak behar bezala izapidetu, memoriak justifikatu eta antzeko kudeaketak egiten direla bermatzeko.
Azken alderdi horri dagokionez, Kutxa Taldeak datu pertsonalak transferituko dizkio hirugarren herrialde edo nazioarteko erakunde bati, Suitzari, hain zuzen ere, zeinarekin Batzordearen 200/518/EE Egokitzapen Erabakia onartu baita, eta horrek babes-maila egokia bermatzen du transferitutako datuen tratamenduei dagokienez, berme gehigarririk ezarri beharrik gabe.
Horrez gain, Kutxa Taldeak zure berariazko baimena baldin badu betiere, zuk bekan parte hartzeagatik har daitezkeen irudiak erabiliko ditu, baita Internetez zabaldu ere, Kutxa Taldearen gizarte-ekintzako jarduerak zabaldu eta sustatzeko, baita ekimenarekin eta komunikabideekin zuzeneko lotura duten hirugarren erakundeei laga ere, haiek beren jarduerak zabaldu eta sustatzeko erabil ditzaten.
Era berean, eta betiere Kutxa Taldeak zure berariazko baimena baldin badu, zure datuak tratatuko ditu, Kutxa Taldeak kudeatutako gizarte-ekintzako programa eta jarduerei buruzko informazioa modu pertsonalizatuan bidaltzeko, baita bitarteko elektronikoen bidez ere, segmentazioa egiteko edo profilak sortzeko aukera barne, emandako zerbitzuak interesdunaren profilera egokitzeko eta ukitu edo eragindakoen behar eta berezitasunetara komunikazioak egokitzeko.
Interesatuak bermatzen du uneoro informaturik izango duela Kutxa Taldea berak emandako informazioari dagokionez, eta lehenbailehen jakinaraziko diola berak emandako datu pertsonaletan gertatzen den edozein aldaketa, horrela Kutxa Taldeak erabiliko duen informazio pertsonala uneoro eguneratua eta zehatza izan dadin.
Bekaren kudeaketa bermatzeko eta tratamendu-jarduera horretatik erator daitezkeen erantzukizunak zehazteko nahitaezkoa gertatzen den denboraldian gordeko dira bidalitako datuak eta dokumentazioa, eta horiek kontserbatzea beharrezkoa ez den unean gainbegiratu egingo dira, hargatik eragotzi gabe DBEO 17.3 art.an agindutakoa.
Aurrekoa gorabehera, hala eskatzen duten tratamendu eta/edo komunikazioetarako adostasuna ezeztagarria izango da beti, eta interesdunak edozein unetan baliatu ahal izango ditu indarrean dagoen araudiak babestutako eskubideak; horretarako, idazki bat bidali beharko du posta elektronikoz Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera, nortasun-agiriaren kopia bat erantsita.
12 Deialdiaren kronograma
- Eskaerak: maiatzak 2-22
- Hautagaitzen egiaztapena: maiatzak 30 - ekainak 2
- Epaimahaiaren ebaluazioa: ekainak 13-17
- Elkarrizketak: ekainak 20-24
- Ebazpena: ekainak 27
- Bekaren onarpena: uztailaren 11 baino lehen
- Behin betiko ebazpena: uztailak 18
13 Informazio osagarria
Argibide gehiago:
Administrazio-gaietarako: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
Eduki-gaietarako: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.