Gaur Unai San Martín (Eibar, 1964) Nostos erakusketa aurkeztu da Kutxa Kultur Artegunean. Erakusketa martxoaren 4tik ekainaren 19ra arte dago zabalik.

San Martínek «denboraz kanpoko atmosfera bat, barne-paisaia bat» sortuko du Artegunean, eta bertan barneratzeko gonbita egiten digu.

105 heliograbatuak 7 gai-sailetan antolatuta daude, eta horien bitartez artistak gonbita egiten digu paisaietan, hiri xehetasunetan eta objektuetan bakartzera, horien kokalekuari buruzko datu fisikoetan edo beren baitako istorioetan gelditu gabe. San Martínen irudiek edertasun soil bat daukate, baina ukaezina, eta haien bidez gure arretari heltzen dio, bidaia eginarazten digu eta norberaren ibilbide biografikoko sentimendu eta sentipenekin konektatzen gaitu halaber.

Gure garaiotan, irudien eta soinuen erritmo frenetikoak leku gutxi uzten digu inguruneari begira atsegin har dezagun; Unaik, aldiz, modua eskaintzen digu naturara itzultzeko, gure jatorrizko etxera itzultzeko –nostos, grezieraz–, adi eta hausnarkor; hautematea mantsotzeko era bat da, malenkonia-izpirik gabea.

 

  • Unai San Martín. Nostos
  • Datak: 2022ko martxoaren 4tik ekainaren 19ra
  • Ordutegia: asteartetik igandera: 12:00-14:00 | 16:00-20:00
  • Komisarioa: María Millán
  • Jarduera paraleloak: doako bisita gidatuak(igandeetan), mahai-ingurua eta hitzaldia