Eusko Legebiltzarraren ikur den ‘Izaro’ eta ‘Gernikako Arbolari omenaldia’, Basterretxearen bi obraren arteko elkarrizketa Euskal Ganberan.

Eusko Legebiltzarrak eta Kutxa Fundazioak Nestor Basterretxearen Gernikako Arbolari omenaldia eskultura maileguan uzteko hitzarmena gauzatu dute. Horren ondorioz, aurrerantzean, Basterretxearen bi lan, gure sinboloa den Izaro eta eskultura erraldoi hau, hartu emanean eta elkarrizketan izango ditugu Eusko Legebiltzarreko egoitzan.

40. urtemugaren ospakizun ekitaldien barruan, Eusko Legebiltzarrak Izaro-Nestor Basterretxea erakusketa apailatu zuen, Bilboko Arte Ederretako museoarekin lankidetzan. Euskal Ganberan 2022. urtera arte izango den erakusketak Basterretxearen ibilia eta 1983az geroztik Bilkura Aretoaren burugainean den Izaro eskulturaren intrahistoria jorratzen ditu.

Peio Aguirre aritu zen komisario. Legebiltzarreko presidenteak azaldu duenez, "Peio Aguirrek eman zigun eskultura honen berri, erakusketa prestatzeko lanean ari zenean". Gernikako Arbolari omenaldia 1979an sortu zuen Basterretxeak, Donostiako Aurrezki Kutxaren enkarguz. Zuhaitz-formako eskultura da eta Izaro-ren aurrekari zuzen gisa aintzat har daditeke.

Eusko Legebiltzarrak, Bilboko Arte Ederren museoak eta Kutxa Fundazioak—eskulturaren jabeak— "garrantziaz jabetu ginen, eta Euskadiko Legebiltzarrera ekartzeko borondatea eta ahaleginak elkartu ditugu", adierazi du Bakartxo Tejeriak. Hasieratik izan zuten interesa pieza biak espazio berberean erakusteko, bata bestearen bueltan, beren arteko elkarrizketa ahalbidetuz. Hala, gaur aurkezturiko obra erakusketan hasieratik egon zedin ahalegindu zinen hiru erakundeak. Bertan, Gernikako Arbolari omenaldia eskulturaren bariazioak daude, eskala txikiagoan eta bestelako materialez ondurikoak. Baina orduko hartan ez zen posible izan obra ekartzea, arrazoi logistikoak tarteko. Ordea, hainbat lanen ondoren, orain batzen da erakusketara Gernikako Arbolari omenaldia eskultura. Erakusketa bera 2022. urtera arte egongo da Legebiltzarreko bigarren solairuan, eta Gernikako Arbolari omenaldia pieza hamar urtez egongo da maileguan. Gainera, epea luzatzeko aukera izango da, hamar urteak igarotzean. “Ez da erreza izan, eskultura ederra bezain handia baita, baina guztion borondateak elkartuz eta adituen laguntzarekin dena izan da posible”, nabarmendu du Tejeriak.

Kutxa Fundazioa eta Eusko Legebiltzarraren arteko mailegua adostu ondotik, eskultura pisatzeko eta garraiatzeko lanak egin dira. Zehaztasun handiz egin ere, obraren neurriek hala eskatuta. Izan ere, ia hiru metroko altuera eta 600 kiloko pisua du. Arlo horretan adituak diren enpresek egin dituzte lanok, xehetasun txikiena ere zainduz, Legebiltzarrak eta Kutxa Fundazioak ikuskatuta. Behin Legebiltzarrean, ARTYCO enpresak zaharberritu du eskultura.

Gaztainondo egurrez egina, Gernikako Arbolari omenaldia eskultura, hasiera batean, Donostiako Getaria kaleko Udal Aurrezki Kutxaren eraikin nagusiaren atarian jarri zuten. San Telmo Museora lekualdatu zuten geroago, eta 2000. urteaz geroztik Gureak elkartearen egoitzan egon da, Donostian hau ere.
Alabaina, aurrerantzean, Eusko Legebiltzarraren ikur den Izaro-k eta Gernikako Arbolari omenaldia-k, Nestor Basterretxearen lanak bi-biak, kokalekua partekatuko dute Eusko Legebiltzarrean.

Informazioa osoa prentsa-oharrean


Basterretxea familia, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederretako museoko zuzendaria, Peio Aguirre arte komisarioa eta mahaikideak bertan zirela, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Carlos Tamayo Kutxa Fundazioko lehendakariak sinatu dute komodatu dokumentua. Halaber, Basterretxearen obra aurkeztu dute. 

2021.09.10 Firma del comodato Homenaje al Árbol de Gernika 37

2021.09.10 Firma del comodato Homenaje al Árbol de Gernika 53