Kutxa Fundazioaren Arte Ederren Bilduma Kutxak eta bere aurrekoek -Aurrezki Kutxa Munizipalak eta Aurrezki Kutxa Probintzialak- osatutako bildumaren oinordekoa da. 5.500 pieza inguruz osatua, bilduma honek euskal artea du ardatz, batez ere Gipuzkoakoa, XIX. mendearen amaieratik gaur egunera artekoa, hau da, Erakundearen historian zehar sortutako artearen lekuko eta adierazgarri izan nahi duen bilduma da.

Erosketa-programa hau martxan jartzeko erabakia hausnarketa baten ondoren sortu zen, COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, Gipuzkoako arte-sareari lagundu eta baliabideak eman beharra dagoelako krisi-une honetan. Helburu horrekin, jardunean dauden gipuzkoar artistei egin zaizkie erosketak, genero-parekotasunaren irizpideekin.

Helburu horrekin, ibilbide egiaztatua duten eta Gipuzkoako arte-sektorea ezagutzen duten adituen batzorde bat eratu zen. Nekane Aranburu: kultura-kudeatzailea, museologoa eta komisarioa da, Donostian jaioa, eta bere ibilbidea nazioan eta nazioartean garatu du; Juan Pablo Huércanos: Oteiza Museoko zuzendariordea eta eskultura- eta argitalpen-proiektuen komisarioa da; Mikel Lertxundi Galiana: Filosofia eta Letretako doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta erakusketa ugariren komisarioa izan da; Ana Salaberria: Filosofia eta Letretako lizentziaduna da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saileko goi-mailako teknikaria, kultura-kudeatzailea eta jarduneko zuzendaria izan zen Artelekun; eta Ane Abalde: Arte Historian lizentziaduna da, eta Erakusketa-proiektuen zuzendaritza eta diseinuan masterra du; Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare zuzendaria da.

Lanak zein artistak hautatzeko, jardunean dauden Gipuzkoako artisten lanak baino ez dira eskuratu; izan ere, pandemiak sortutako zailtasunei erantzutea zen erosketa-programaren espiritua. Aurretik Kutxa Fundazioaren Bilduman ez zeuden artisten lanak hautatu dira, belaunaldi gazteenei arreta berezia eskainiz, eta hautaketa genero-parekotasunaren irizpideei jarraituz egin da, berdintasun handiagoko bilduma osatzea helburu hartuta.

Kutxa Fundazioaren Arte Ederren Bilduma eskuratzeko lehen batzorde honek artista hauen lanak aukeratu ditu: Jaime de los Ríos, Iñaki Gracenea, Zuhar Iruretagoiena, Sahatsa Jauregi, Maider Lopez, Asier Mendizabal, Elena Mendizabal, Pilar Soberón eta Azucena Vieites.

Prentsa-oharra jaitsi (pdf-an)


AsierMendizabal

Egilea: Asier Mendizabal
Titulua: *LF*RN (STENCIL)
Urtea: 2008
Materiala: Burdina
Neurriak: 6 elementu 40 x 40 x 180 cm-koa bakoitza