Kursaal Jauregian dagoen Kubo Kutxa aretoak 20 urte bete ditu.

Kutxa Fundazioaren erakusketa-areto ezagunak, 2000ko abenduaren 15ean ireki zituen ateak Jorge Oteiza eskultoreari eskainitako erakusketarekin. Ordutik, 73 erakusketa programatu ditu aretoak. 2018an, 2.000.000 bisitariko mugara iritsi zen, eta une honetan 2.135.000 inguru dira. 

20 urte hauetan, Kubo Kutxa erreferentziazko erakusketa-areto bihurtu da, eta Gipuzkoako kultura-bizitzan eskaintza garrantzitsuenetako bat da, publikoaren babes zabala duena. Areto berezi hau hiriko kultura-guneetako bat den Kursaalen dago, Rafael Moneoren arkitekturak markatuta.

Nahiz eta 20 urte hauetan aretoaren erakusketa-ildoa aldatuz joan den eta hirian sortutako kultura-aldaketa eta egitura berrietara egokitu den, aretoaren programazioa aldi baterako erakusketetan oinarrituta dago eta arte plastikoetan ardaztuta, zehazki XX. mendearen hasieratik gaur egunera artekoetan.

Kubo Kutxa aretorako programazio-ildorik garrantzitsuena, Kutxa Fundazioaren beraren ildo estrategikoa den bezala, Gipuzkoako artista handien lana eta karrerak babestea, ikusaraztea eta balioestea da.

20 urte hauetan, hainbat artista gipuzkoar ospetsuen erakusketa antologikoez gozatu ahal izan dute ikusleek, hala nola Jorge Oteiza, Dario Villalba, Andres Nagel, Josune Amunarriz, Menchu Gal, Bonifacio Alfonso, Eduardo Chillida, Marta Cardenas, Jesus Mari Lazkano, Gonzalo Chillida, Rafael Ruiz Balerdi, Alejandro Garmendia edo Juan Luis Goenagari oraintxe eskainitako erakusketaz.

Aretoaren zeregin nagusia hori izanik ere, Kubo Kutxak beti izan du erreferentziazko nazioarteko artea gipuzkoarrei hurbiltzeko kezka; ildo horretan, Miquel Barceló, Pablo Gargallo, Joan Miró, Marc Chagall, Paloma Navares, Carmen Calvo eta abarri eskainitako erakusketak izan dira gozagai.

Une honetan, urtarrilaren 10era arte, Juan Luis Goenaga artista donostiarraren atzera begirakoaz gozatzeko aukera dago Kubo Kutxan.

 

Prentsa-oharra


2019 Kubo Kutxa CarmenCalvo noctuno