Kultura departamentuak eta Kutxa Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Kutxa Fundazioaren Arte Ederren bildumako obra garrantzitsuenak Gordailuan uzteko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroan.

Kutxa Fundazioaren Arte Ederren Bilduma da Kutxak eta bere aurrekoek, Udal Aurrezki Kutxak eta Aurrezki Kutxa Probintzialak, osatutako bildumaren oinordekoa. 5.500 bat piezaz osatuta, bilduma honek euskal artea du ardatz, batez ere gipuzkoarra, XIX. mendearen amaieratik gaur egun arte; hau da, erakundearen historian zehar sortutako Artearen isla izan nahi duen bilduma da. Gordailuan bilduma horretako 1.200 lan baino gehiago gordeko dira, balio kultural eta artistiko handiena dutenak.


Lankidetza horren esparruan, bi erakundeek Gordailua-Kutxa Programa izenekoa jarriko dute abian. Programa hori urtero adostuko da, eta Gipuzkoako Kultura Ondarearen kontserbazioa, ezagutza eta zabalkundea sustatu nahi ditu.

Hauek dira landuko diren lehen proiektuak:

Kutxa Fundazioak lankidetzan jardungo du Kultura departamentuko Gordailuaren bildumak hedatzeko eta haien balioa nabarmentzeko, bere erakusketa-espazioen programazioetan.

Ikerketa beka. Bikaintasunean trebatzeko beka bat, ondarearen kontserbazioaren eta jasangarritasunaren arloan. Arautu gabeko prestakuntzarako beka hori praktikak egiteko egonaldietarako izango da, Espainian edo nazioartean ospe aitortua duten bildumak kontserbatzeko eta/edo biltegiratzeko zentroetan. Prestakuntza hori hurrengo urtean osatuko da, bekadunek Gordailuan egingo duten egonaldiarekin.

Arte Garaikideko materialen artxibo dokumentala eta laborategia sortzea. Bi erakundeek beren jardueretan lan egiten duten artisten informazioa bilduko dute, eta elkarrizketak egingo dituzte haien lanen produkzio teknikak eta kontserbazio premiak aztertzeko. Helburu berarekin, artistek erabilitako materialak bilduko dira materialen laborategi bat sortzeko.

Etorkizunean, programak kontserbazioko esku-hartze eredugarriak ere egin ditzake arazo espezifikoak dituzten eta ikerketa-lan egokiak behar dituzten obretan, Kutxa Fundazioaren finantzaketaren bidez.


Prentsa-oharra


Irudian, ezkerretik eskuinera:
Carlos Olaetxea, Gordailuaren zuzendaria, Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioaren zuzendaria, Harkaitz Millan, Kultura diputatua, eta Ane Abalde, Kutxa Fundazioaren Arte eta Ondareko zuzendaria

201112 KutxaFundazioa Gordailua