Jon Cazenave donostiar argazkilariaren erakusketa berri batek zabalduko ditu bihar ateak. Ibilbide luzeko proiektu pertsonala da, eta baita Kutxa Fundazioaren apustu berri bat ere, euskal argazkigintza garaikidearen aldekoa.

Galerna erakusketa proiektu bisual oso landua eta subjektiboa da, euskal arima duena. 2007. urteaz geroztik garatu du Jon Cazenave argazkilariak. Euskal gatazkaren azterketa ausarta du proiektuak abiaburua, eta hortik aurrera, naturan, historian eta herritarren elezaharretan barrena egiten du, modu orokorragoan.

Haitzuloaren azterketarekin amaitzen du ikerketa, hura modu mitikoan hartuta, Lurraren barruko gune huts gisa, non ez baitago inolako artefakturik eta gizakiak atseden har baitezakeen, bere egoera primarioenean, kutsadura modu orotik aske.

Cazenavek ez du bere identitate politikoa edo nazionala modu espezifikoan landu nahi; aitzitik, urteen joanean partikularretik unibertsalera eta zehatzetik abstraktura aldatzen da. Galerna iniziazio- eta jaiotza-bidaia bat da, azken batean. Bidaia horrek erantzun biribil eta zuhurrez beteriko helburu batera eraman beharrean, jatorri guztien jatorrira eramaten gaitu, baretasun-lurralde bakarrera, erantzun posible bakar gisa proposatzen duen hartara.

 

  • Datak: 2020ko azaroaren 6tik 2021eko otsailaren 14ra
  • Ordutegia: asteartetik igandera: 12:00-14:00 | 16:00-20:00
  • Komisarioa: Fannie Escoulen
  • Bisita gidatuak doan igandeetan (17:30etan euskaraz eta 18:30etan gaztelaniaz).
    Aldez aurretik izena ematea nahitaezkoa da

 

Kutxa Kultur Artegunea

Andre zigarrogileak plaza, 1 (Tabakalera). 20012 Donostia / San Sebastián
T- [+34] 943 251937  ¦  Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. ¦ kutxakulturartegunea.eus


JonCazenave